Euskaltzaindiak uztailetik abendura bitartean kaleratu dituen liburuak bildu ditugu hemen. Besteren artean, Paula Kasaresen Euskaldun hazi Nafarroan eta Juan Madariagaren Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII argitaratu ditu Akademiak. Euskal Herriko ibaiak ere kalean da eta, horrezaz gain, bi liburu berezi kaleratu dira: Lingua Vasconum Primitiaeren edizio berria eta Harri eta Herri # 50 urte.
Era berean, Akademiak hainbat argitalpen jarri ditu webgunean: Antoine D'Abbadie, Abbadiaz; Zaldubi: Gaineratekoen bilduma; Aiarako toponimia nagusia; eta Narrazioak eta olerkiak, 2013.
Bestalde, urtarriletik uztailera bitarteko argitalpenak ikusteko sakatu hemen.
EUSKERA AGERKARIA
Euskera da Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala, 1920. urtetik argitaratzen dena. 2009an, Akademiak eraberritu zuen, eta forman ez ezik, edukietan ere zenbait aldaketa egin. Aldaketa horien xede nagusiak hauek dira: batetik, Euskera agerkariaren kalitatea bermatzea, eta bestetik, komunitate zientifikoan erreferentziazko argitalpena izatea.
CSIC (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) erakundeak ezarri dituen kalitate ereduen arabera ebaluatu ahal izateko, beharrezkoak diren Latindex irizpideak betetzen ditu Euskera agerkariak; hori dela eta, izen bereko Katalogoan sartuta dago. Bestalde, helburu horri atxikiz, Idazketa Batzordea eta Aholku Batzordea eratu dira eta artikulu zientifikoei, propio behar duten egitura eta tratamendua ematen zaie. Ahalegin horretan laguntzeko, kanpo adituen ebaluazioak erabiltzen dira.
Euskera 2013, 1
Egileak: Batzuk
Argitaratzailea: Euskaltzaindia, 2014
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 17,10 €
Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa jaso da. Besteren artean, honako gaiak ageri dira: Iruñean “Euskara Nafarroatik” izenburupean egin ziren Jagon Jardunaldiak, Zarautzen egin zen Basarriren omenezko jardunaldia edota urte horretako Osoko bilkuretako aktak.
Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren eta Karmele Rotaetxe ohorezko euskaltzainaren omenez irakurri ziren hilberri-txostenak ere jaso dira liburukian. Beñat Oihartzabalek eta Xabier Altzibarrek, hurrenez hurren, egin zituzten hilberri txosten horiek.
Ingalaterrako Birminghameko Unibertsitatean, Larry Trask ohorezko euskaltzain zenaren omenez, Nicholas Gardner Euskaltzaindiaren Historia Soziala egitasmoko kideak eman zuen hitzaldia ere argitaratu da zenbaki honetan.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
Euskera 2013, 2
Egileak: Batzuk
Argitaratzailea: Euskaltzaindia, 2014
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 17,10 €
Ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Eusebio Maria Azkueren omenez egin zen jardunaldia eta Euskal Literaturaren Historiografiari buruzko II. Jardunaldia. Azken jardunaldi horren harira, Ana Maria Toledo, Lourdes Otaegi, Jon Casenave, K. Josu Bijuesca eta Joseba Gabilondoren eskutik datoz artikuluak.
Horretaz gain, bestelako ikerketa lanak ere jaso dira zenbaki horretan: Intertestualitatea abiaburu: Haranburu Materreren harrobian, Patxi Salaberri Muñoarena; Literatura Unibertsala bildumako hitzaurreen azterketa, Miren Ibarluzearena; Modernismoaren zantzuak Antonio Arrutiren poesian, Alexander Gurrutxagarena; Genero eta sexuaren berridazketa: Itxaro Borda eta polizia eleberrien kasua, Gema Lasarterena; Sobre el topónimo Guillarte (Gillarte), Felix Mugurutzarena; eta Estudio lingüístico-histórico del nombre Berantevilla, Roberto González de Viñasprerena.
Beste bi artikulu bildu dira liburuki honetan: batetik, Hommage a Jon Mirande (1925-1972). Jaime Christian Miranderen ilobak Mauleko herriko Etxean esan zituen hitzak biltzen ditu, Euskaltzaindiak eta Herriko Etxeak berak antolatutako ekitaldian; eta bestetik, Teatrogileek teatroaz. Maite Agirre, Antton Luku eta Ander Lipus, Jaime Valverdek idatzita.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
JOANES ETXEBERRI BILDUMA
Etxeberri bilduman (EHS) euskararen historia soziolinguistikoari buruzko lanak -agiriak eta ikerlanak, idazlan berriak eta lehendik sakabanatuta daudenak- biltzen dira.
Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII
Egilea: Juan Madariaga
Argitaratzailea: Euskaltzaindia
Hizkuntza: gaztelania
Prezioa: 22,80 €
Liburua Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzarekin argitaratu da.
Euskal Herri osoa kontuan hartzen saiatzen da ikertzailea eta eskuartean dagoen iturri eta bibliografia ahalik eta osoena erabiltzen du gizartearen azterketa sozio-historikoa egiteko, hizkuntzaren ikuspuntutik.
Hamahiru zatitan banatuta dago liburua; zati gehienek aski estruktura finkoa dute. Bere ikergaiari buruzko iturri garrantzitsuenak zeintzuk diren zehaztu ondoren, XVII. eta XVIII. mendeetako estruktura soziala zehaztu du Juan Madariagak; zehaztapen horiek dira liburuaren zutabe. Hamar interesgune zehaztu ditu autoreak (erakundeak, eliza, hezkuntza etab.), eta interesgune bakoitzari kapitulu bana eskaini dio. Azken kapitulua, aldiz, berezia da: euskararen eta euskaldunen geografia eta demografia aztertzen dira.
Aukeratutako gizarte-alor bakoitzeko, hiru lan egin ditu autoreak: 1) alorrari buruz interesgarriak diren aipuak jaso; 2) euskaraz dauden iturriak jaso; 3) iturriek euskararen egoerari buruz ematen duten informazioa jaso. Lan hori guztia eginda, gizarte-alor bakoitzari buruzko aurkezpena egin du Juan Madariagak bere liburuan.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
IZENAK BILDUMA
Bildumaren xedea euskal toponimia ezagutaraztea da. Euskaltzaindiaren Onomastika lanak euskal izenen ikerketa du helburu, bai antroponimoena (ponte izenak, deiturak...) bai toponimoena (toponimia nagusia, txikia, exonimia, kale izendegiak, etxe izenak...). Izen horiek bildu, sailkatu, ikertu eta arautu ondotik, beharrezkotzat jotzen du Euskaltzaindiak izenen forma zuzenak plazaratzea, euskararen erabileran eta normalizazioan eragina izan dezaten. Hain zuzen ere, hori da “Izenak” bildumaren xedea.
Euskal Herriko ibaiak
Bilduma: Izenak, 4
Paratzaileak: Patxi Galé, Andres Iñigo
Editorea: Euskaltzaindia
Hizkuntza: Euskara - Frantsesa - Gaztelania
Prezioa: 11,40 €
Euskal Herriko ibaiak / Ríos de Euskal Herria / Les cours d'eau du Pays Basque liburua Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu du Akademiak.
Euskal Herriko 414 ibai nagusiren izenak, eta guztien erabilera egokia, jasotzen ditu. Onomastika batzordeak paratutako lana da, eta Osoko bilkuraren onespenarekin batera, arau izaera eman zitzaion, 2011ko urrian: Akademiaren 166. araua da.
Liburuak biltzen dituen testuak, zerrendak eta mapak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eman dira. Andres Iñigo eta Patxi Galék prestatu dute liburua.
Ibaiak bederatzi zerrenda nahiz mapatan sailkatu dira. Hala, zerrenda alfabetikoaz gain, aipatutako sailkapen hori eta zerrenda bakoitzari dagokion mapa eskematikoa ere eskaintzen dira liburuan. Antolatzeko irizpidea geografikoa izan da gehienbat, ahal izan den neurrian arrazoibide politiko-administratiboak alde batera utziz.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
JAGON BILDUMA
Bilduma honetan euskararen soziologiaren hainbat ikerketa eta saiakera argitaratzen dira, hizkuntzaren erabilera praktikoa aztertu eta euskara sustatzeko eta babesteko.
Euskaldun hazi Nafarroan
Bilduma: Jagon, 16
Egilea: Paula Kasares
Editorea: Euskaltzaindia
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 17,10 €
"Nafarroako historia hurbilean (azken lau hamarkadetan, 1970etik 2012ra) euskararen belaunez belauneko jarraipena nola gauzatu den eta egungo haur nafarrak zer egoeratan bilakatzen diren euskaldun argitzea. Horixe du xede Paula Kasaresen Euskaldun hazi Nafarroan. Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan liburuak. Soziolinguistika Klusterraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu da.
Lanak bi kasu aztertzen ditu: batetik, Irurita (Baztan), Nafarroako Mendialdean, eta bestetik, Iruñea; eta bi belaunaldi hartu dira, 1970eko hamarraldian haziak eta haien seme-alabak, 2000tik aitzina sortuak. Egileak adierazi duenez, "argitalpenak, Nafarroako bi gizataldetan euskararen belaunez belauneko jarraipena kaskaildurik edo ia etenik egonda mintzairaren segida berrestekatzeko eta umeak euskaldun hazteko familien bizipenak izan ditu oinarri"
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE
Linguae Vasconum Primitiae liburuaren edizio honek, jatorrizko testuaz gain, katalan, galiziera, errumaniera, arabiera, kitxua eta txinerazko itzulpenak ditu. Liburua 2013ko abenduan argitaratu zuten Akademiak eta Eusko Legebiltzarrak, elkarlanean.
Linguae Vasconum Primitiae (2014)
Prestatzailea: Xabier Kintana
Editorea: Euskaltzaindia - Eusko Legebiltzarra
Hizkuntza: Euskara - Gaztelania
Prezioa: 23,75 €
Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) euskaraz inprimatu zen lehen liburua da. Euskaltzaindiak salgai jarri duen edizioak, jatorrizko testuaren faksimilea eskaintzen du, eta oraingo ortografiarako egokitutako euskarazko bertsioa ere. Itzulpenak honako hauek egin dituzte: Joan Martík eta Manuel Gonzálezek itzuli dute katalanera eta galizierara, errumanierara Delia Mihalea Cristeak, txinerara Fang Xiaok, eta kitxuara Hilda Chaluisa eta Cesar Pilatatxik. Azkenik, arabierara Joseph eta Shaalan Hares anaiek itzuli dute.
Liburuak, orotara 480 orrialde ditu. Laburbilduz, 14 olerki dira, oso luzeak batzuk. Badira erlijioarekin lotura dutenak, maitasunezkoak, bada emakumeen aldeko poema bat eta kartzelaldiaz beste pare bat. Bukatzeko, euskara goraipatzeko bi bertso apologetiko dakartza.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
HARRI ETA HERRI # 50 URTE
2014. urtean 50 urte bete dira Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela. Urteurrena gogoan, Euskaltzaindiak eta Gabriel Arestiren senideek eta Zenbat Gara elkarteak osatzen duten Gabriel Aresti Kultura Elkarteak liburua berrargitaratu dute.
Harri eta Herri # 50 urte
Egilea: Gabriel Aresti - Batzuk
Koordinatzailea: Xabier Kintana
Editorea: Euskaltzaindia
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 23,75 €
Bi liburuk osatzen dute argitalpen berria: batetik, Arestiren liburua, argitaratu zen bezala, eskaintzen da; bestetik, Harri eta Herri # 50. Artikulu bilduma izeneko bigarren liburua dago, zenbait euskaltzainek eta egilek idatziriko artikuluak biltzen dituena. Horietako batzuek Aresti bera ezagutu eta tratatzeko aukera izan zuten; gazteagoek, aldiz, bere lanen bitartez ezagutu zuten idazlea. Hauek dira parte hartzen duten egileak: Joan Mari Torrealdai, Xabier Kintana, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Karmelo Landa, Angel Zelaieta, Txomin Peillen, Ana Toledo, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Aingeru Epaltza, Toti Martinez de Lezea, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe.
Bi liburuak kutxa baten barruan argitaratu dira.
Lana Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta BBK Fundazioaren laguntzarekin argitaratu da.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
Bestalde, denbora-epe horretan, ondoko liburu hauek sarean jarri ditu Akademiak: