Gabriel Arestiren lanak, ondarea eta obrak ezagutarazteko asmoz, Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren testuan jaso denez, bi erakundeok "Gabriel Arestiren obra osorik edo zatika berrargitaratuko dute, hitzaldiak, erakusketak eta jardunaldiak antolatzeko borondatea dute, bai eta haren obra eta ekarria testuinguruan kokatzeko bestelako adituen ekarpenak bilatuko eta argitaratuko ere". Elkarlan horren lehenbiziko emaitza atzo bertan aurkeztu zen jendaurrean: Harri eta herri liburuaren berrargitalpena.
Elkarlan emankorra izango delakoan daude bi sinatzaileak eta hala adierazi zuten atzoko aurkezpenean. Xabier Monasterio Kultura Elkartearen ordezkariaren esanetan, hitzarmenak, besteak beste, "Gabriel Arestiren obra iraganetik etorkizunerantz eramaten" lagunduko du.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Meli Esteban Gabriel Arestiren alargun eta Elkartearen ohorezko presidenteak sinatu zuten hitzarmena. Giro lasaian egin zuten, Harri eta herri, 50 urte argitalpena aurkeztu ondoren. Gabriel Aresti Elkartearen eta Euskaltzaindiaren ordezkariak eta liburuan parte hartu duten egileetako batzuk ondoan izan zituzten.