Datorren ostegunean, azaroaren 20an, goizeko 11:00etan, Paula Kasaresen Euskaldun hazi Nafarroan liburua aurkeztuko da Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan (Conde Oliveto, 2, 2., Iruñea). Liburua Akademiaren Jagon bildumaren 16. zenbakia da eta Kasaresek 2013an Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu zuen doktorego-tesia da. Soziolinguistika Klusterraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu da.
Paula Kasares Baztango Udaleko euskara teknikari eta NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika saileko irakaslea da. Euskaltzain urgazlea ere bada. Berak azaldu bezala, Euskaldun hazi Nafarroan ikerketak “Nafarroako historia hurbilean (hondar lau hamarkadetan, 1970etik 2012ra) euskararen belaunez belauneko jarraipena nola gauzatu den eta egungo haur nafarrak zer egoeratan bilakatzen diren euskaldun argitzea” du xede.
Lanak Irurita (Baztan) eta Iruñeko Amaiur ikastolako haurrak oinarritzat hartzen ditu. Ikuspegi soziologikotik, soziolinguistikotik eta antropologikotik aztertzen du hizkuntzaren transmisioa eta ondorio batera heltzen da: euskararen belaunez belauneko jarraipenak, hiztunen hizkuntza-sozializazio prozesua izan duela euskarri.
Jean Baptiste “Battittu” Coyos Euskaltzaindiaren Jagon sailburuaren ustez, “alde zenbaitetan nafar ikertzailea berritzailea agertzen da, adibidez euskara gurasoengandik haurrengana ez dela baizik transmititzen, baina bai ere haurrengandik gurasoengana egiten dela erakusten duenean”.
Paula Kasaresekin batera, honako hauek egingo dute aurkezpena: Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak eta Patxi Salaberri Zaratiegi tesiaren zuzendariak.
Euskaldun hazi Nafarroan liburuaren aurkibidea (PDF, 78,1 KB)