Datorren ostiralean, azaroaren 14an, Juan Madariaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearen Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII (Euskara eta euskal gizartea XVII. eta XVIII. mendeetan) liburua aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Goizeko 11:30ean izango da, Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean (Almortza bidea, 6). Hain zuzen ere, egun horretan egingo ditu Akademiak XIX. Jagon Jardunaldiak, "Euskararen eta biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan" gaiari buruz.
Liburua euskararen historia soziolinguistikoa jorratzen duen Etxeberri bildumaren barruan argitaratu du Akademiak, 5. zenbakia da. Bilduma egokia argitalpen honetarako, historia sozialaren esparruan kokatzen baita. Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzarekin argitaratu da.
Euskal Herri osoa kontuan hartzen saiatzen da ikertzailea eta eskuartean dagoen iturri eta bibliografia ahalik eta osoena erabiltzen du gizartearen azterketa sozio-historikoa egiteko, hizkuntzaren ikuspuntutik.
Liburuaren hitzaurrean Lionel Joly Euskaltzaindiaren Euskararen Historia Soziala egitasmoko kideak dioenez, "liburua historialari baten lana da. Hainbat kasutan soziolinguistikaren kontzeptuak agertzen badira ere liburuan zehar, aurkezpena bera ez da kontzeptu soziolinguistikoen arabera antolatu, nahiz eta liburuaren azken zatian Juan Madariagak diglosiari buruzko azterketa bat egiten duen.
XVII. eta XVIII. mendeetako estruktura soziala
Hamahiru zatitan banatuta dago liburua; zati gehienek aski estruktura finkoa dute. Bere ikergaiari buruzko iturri garrantzitsuenak zeintzuk diren zehaztu ondoren XVII. eta XVIII. mendeetako estruktura soziala zehaztu du Juan Madariagak eta, zehaztapen horiek dira liburuaren zutabe. Hamar interesgune zehaztu ditu autoreak (instituzioak, eliza, hezkuntza etab.), eta interesgune bakoitzari kapitulu bana eskaini dio. Azken kapitulua, aldiz, berezia da: euskararen eta euskaldunen geografia eta demografia aztertzen ditu bertan autoreak.
Aukeratutako gizarte-alor bakoitzeko (administrazioa, eliza, hezkuntza etab.), hiru lan egin ditu autoreak: 1) alorrari buruz interesgarriak diren aipuak jaso; 2) euskaraz dauden iturriak jaso; 3) iturriek euskararen egoerari buruz ematen duten informazioa jaso. Lan hori guztia eginda, gizarte-alor bakoitzari buruzko aurkezpena egin du Juan Madariagak bere liburuan.
Hala bada, Jolyren esanetan, "euskararen egoera aztertzean, hizkuntzaren soziologian jomuga izaten diren gai nagusiak aztertzen ditu Juan Madariagak: euskararen erabilera, hiztunen hizkuntza-gaitasuna eta hizkuntzei buruzko jarrerak, iritzi eta aurreiritziak".
Liburua gaztelaniaz argitaratu da. Aurkezpena honako hauek egingo dute: Juan Madariaga egileak; Mikel Zalbide Euskaltzaindiko Joanes Etxeberri (Euskararen Historia Soziala) egitasmoaren zuzendariak; Andres Urrutia euskaltzainburuak; eta Ramon Mendibil Olaso Dorrea Sorrerakundeko ordezkariak.