Gaur, azaroaren 14an, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatua, “Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan” izeneko XIX. Jagon Jardunaldia egin da Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Jardunaldian, Juan Madariaga NUPeko irakaslearen Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII (Euskara eta euskal gizartea XVII. eta XVIII. mendeetan) aurkeztu da.
Euskal hiriburuetan, euskararen transmisioaren eta erabileraren alde zelan jokatu behar den aztertu da jardunaldiotan. Izan ere, hiriak bilakatu dira euskal hiztunen bizigune nagusienak. Hala, bada, egoera horren aurrean bide eta baliabide egokiak ireki beharra azpimarratu dute parte hartzaileek.
Hiriburuetako bilakaera soziolinguistikoaz, hirietan antzematen diren hizkuntza-praktikaz edota hirietan euskaren rolaz hitz egin da, besteak beste. Gainera, mahai-inguru bat egin da, honako hauek parte hartu dutelarik: Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Jean-Claude Iriart Baionako herriko kontseilariak; Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak; Teresa Lasheras Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura alorreko zuzendariak.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Jean-Baptiste “Battittu” Coyos Jagon sailburuak hasiera eman diote egunari, eta jardunaldiaren helburua azaldu.
XIX. Jagon Jardunaldia: Hitzaldiak
Jon Aizpurua: Euskal Herriko hiriburuetako bilakaera soziolinguistikoa, 1991-2011
Aizpuruak azaldu duenez, hiru euskal herritarretik bat (1.019.823 pertsona) Euskal Herriko zazpi hiriburuetako batean bizi da. Hala ere, euskararen ezagutzari dagokionez, gure hiriburuak erdaldunak dira oro har.
Datuak eskuan, hiriburuetako euskaldunen ehunekoa % 40 inguru da kasurik onenean (Donibane Garazin eta Donostian), eta hortik beherakoa gainerako guztietan. “Hala ere, ehunekoei baino, kopuruei erreparatzen diegu, hiriburuetan euskaldun asko bizi direla ohartuko gara. Izan ere, euskaldun guztien laurdena, 220.600 lagun, Euskal Herriko hiribururen batean bizi da gaur egun”, esan du Aizpuruak.
Hiriburuen ezaugarriak eta bilakaera aztertu ditu Joan Aizpuruak, hizkuntza-aldagai nagusiak jorratuz: ezagutza, transmisioa, erabilera eta euskararekiko jarrera.
Jon Aizpuruak aurkeztu duen materiala (PDF,2,4, MB)
Eduardo Apodaka eta Xabier Aierdi: Hizkuntza-praktikak hiri-mundu eta mundu hirietan
Eduardo Apodakak azpimarratu duenaren arabera, “sortu zirenetik hiriak fluxuen kontzentrazioak izan dira. Garai batean, jendeak, baliabideak eta zerbitzuak biltzen ziren segurtasun eta ziurtasunen babespean. Gaur egun ere hala da. Baina aldaketa ugari zian dira hiria deritzon bizigunean”.
Tipo idealak diren neurrian gure inguruko hiriguneak aztertzeko baliagarriak izan daitezke, batez ere, egungo joerak eta etor litezkeen aldaketei begira. Nola eragingo digute? Zer gertatzen ari zaigu?
Alde horretatik, adierazi du, “kontuan hartu behar dugu ezagutu ditugun hiriak nazio-estatuen hiriak izan direla (eta gureak, gainera, periferikoak)”. Hori dena aldatuko da, baina: nazio-estatuko hiriak "sinkronizazio nazionalaren" motorrak izan dira. Bai hizkuntza arloan ere. Baina, gaur, sinkronizazio hori puskatu egin da. Sinkronia bakarra zen tokian, orain gero eta zatikatuagoa iruditzen zaigun polikronia dugu”.
Horiek horrela, egungo hiri-joerek hizkuntza-praktikei zelan eragiten dieten aztertu du. Ideia baten inguruan egin du: “hizkuntza-praktikak, hiri-bizipenak bezala, bizigune eta fluxuetakoak dira, hau da, hizkuntza praktikak bi bizipen mota horiek buru izango lituzkeen continuum batean paratuko bagenitu, alde batean bizi-komunitateei loturik dauden praktikak eta bestean, berriz, fluxuei loturikoak genituzke”.
Ondoren, Xabier Aierdik honako hau jarri du mahai gainean: “Euskarak gizarte-mugak ditu eta horren ondorioz badugu zer aztertua eta baita estrategiak berrikusi eta berritu beharra ere”.
“Ez naiz soziolinguistikan aditua -esan du- baina oinarrizko ezagutza informatu batek sosegua eta gure oinarri teorikoen berrikuspena eskatzen duela esan dit. Borondateari garrantzi handia eman diogu, politikoari batik bat, baina asmoek gizarte-testuinguruetan garatzen dira, eta hauetan zenbait helburu egingarri da eta beste hainbat ez”.
Adierazi duenez, besteak beste, badira euskararen berreskurapenaren arloan amankomunak diren ezaugarriak. Besteak beste: bazegoen eta badago, egitura eskasia bat: ez dugu izan eta neurri batean ez dugu gizarte ereduak inposatzeko burgesia nazionalik; historikoki, inon egin ez den saiakera batean aritu gara. Ezagutza zenbaki oso eskasetatik hasita hizkuntzarako gizarte oso bat berreskuratu nahian; borroka ideologiko “basatia” 80ko hamarkadan; abiapuntu teoriko okerra: ezagutzak halabeharrez erabilera dakarrela; ez dugu kopiatzeko eredurik.
Hirietara etorrita, ezaugarri hauek azpimarratu ditu: ditugu: euskaldun ehuneko eskasa eta euskaldun kopururik handiena dute hiriek; euskara beharrezko ez den tokia, batez ere, hiria da; sektore aurkari oso indartsuak daude hirietan; aldeko sektoreen ahulezia estrukturala: kapital sozial eta kultural eskasekoa; nahikotasun praktikaezina.
Hortik aurrera, hirietan zer egin?, galdetu dio bere buruari Xabier Aierdik: “Pazientzia, belaunaldi pare bat, nahikotasuna ziurtatu eta euskara praktikagarri egin eta, oro har, premiaz desagertzen doazen belaunaldi euskaldunen ordezkoak bilatu/bilakatu”.
Xabier Aierdik aurkeztu duen materiala (PDF, 1,3 MB)
Aitor Zuberogoitia eta Pedro Zuberogoitia: Euskara hirian: indar gidari bila
Aitor eta Pedro Zuberogoitiak galdera bat planteatu dute hasieratik: “Zeintzuk izan dira iraganean euskararen indar gidariak euskal hirietan?”
Eta erantzuten hasi dira: “Atzera begira jarrita, erraz samar identifika daitezke horietako batzuk: Pizkunde garaira arte iritsi zen XIX. mendeko bulkada erromantiko-aberkoia, batetik; 1936ko gerraoste luzearen baitan, 1950-60ko hamarkadetako erantzun moderno eta premodernoak bestetik, Oteiza zein Aresti buru zituztela; beti presente egon den bulkada identitarioari 1980ko hamarkadan erantsi beharreko bulkada pragmatiko-instituzionala, hirugarrenik, eta, azkenik, euskararen zentraltasunaren eta autonomiaren aldarrikapenean eta euskara elkarteen jardunean gorpuzturiko bulkada”.
2000. hamarkadatik aurrera, ordea, geldialdi gisako bat bizi ote dugun ustea plazaratu dute hitzaldian. Esan dutenaren arabera, motelaldi hau, gainera, “aldaketa soziodemografiko sakonak tarteko direla jazo da: duela 30 urte ez bezala, euskaldunak etxe elebidunetan sakabanatuta daude nagusiki, euskararik ez dakiten lagun askorekin bizikidetzan; euskaldun horien erdia baino gehiago, berriz, Hego Euskal Herriko zazpi udalerri nagusietan bizi da: Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Barakaldo, Getxo eta Irunen, hain justu”.
Hala, bada, zeintzuk izan behar lirateke, kinka horretan, euskararen indar-gidariak hurrengo hamarkadan ekosistema hiritartu berrian? Erantzun posible batzuk aipatu dira hitzaldi honetan, hala nola: espazio sinbolikoak eratu; espazio sinboliko horiek errotu euren ingurunean; herri-ekimena eta erakundeen lana uztartu; sektorialtasuna gainditu. Eta adosten eta eratzen den guztia itun soziopolitiko batekin blindatu.
Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiek aurkeztu duten materiala (PDF, 1,8 MB)
Hiriburuetako udalen hizkuntza politikari buruzko mahai-ingurua
Mahai-inguruari dagokionez, Kike Amonarrizek moderatu du eta Baionako, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udaletako ordezkariak izan dira: Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jean-Claude Iriart Baionako herriko kontseilaria; Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia; Teresa Lasheras Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorreko zuzendaria. Bakoitza, bere eguneroko lanean, euskararen indartzean eta sendotzean egiten duten lanaz aritu dira.
Honako galderak egin zaizkie: zeintzuk dira Udal bakoitzaren azpiegiturak euskarari dagokionez? Egiturak, erakundeak, pertsonala eta aurrekontuak; zeintzuk dira zuen Udalak finkaturiko lerro estrategikoak eta lehentasuntzat harturiko adin-taldeak edo gizataldeak?; abian jarririko egitarau nagusietatik zein egitasmo nabarmenduko zenituzke eta zergatik?; emaitzen gaineko baloraziorik egin da/duzue?; etorkizunera begirako hausnarketa.
Egunari amaiera emateko, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak eta Erramun Osa idazkariak ondorioak irakurri dituzte.