Euskaltzaindiak parte hartuko du I. Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan. Jardunaldiok Xenpelar Dokumentazio Zentroak antolatu ditu eta euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak izango dituzte hizpide. Bi egunotan egingo dira: azaroaren 20an, "Euskal antzerkiaren funtsak liburutegi eta artxibategietan” izenburupean, eta hilaren 27an, “Euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak” gaia jorratzeko. Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendaria izango da Euskaltzaindiaren ordezkaria eta azaroaren 20an mintzatuko da.
Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak urtero izateko asmoz sortu dira, dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin. Horrela adierazi dute gaur, azaroaren 12an, Donostian egindako aurkezpenean. Hauek izan dira: Garazi Lopez de Etxezarreta Auzmendi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea; Beñat Gaztelumendi Arandia, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduraduna eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea; eta Eñaut Gantxegi Maritxalar, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko ordezkaria
Azaldu dutenez, "Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien lehenengo edizio hau Euskal Antzerkiaren Dokumentazioaren inguruan antolatu da, Mintzola Fundazioak duen Ahozko Sorkuntzen Elkargunea atalari lotuta, hain zuzen ere. Mintzolaren Ahozko Elkarguneak bizirik dauden ahozko sorkuntzen topaketa eta elkar-ezagutza bultzatzeko laborategi bat izan nahi du, eta, besteak beste, Xenpelar Dokumentazio Zentroak dokumentazio mailako aholkularitza eta tresneria eskaintzen ditu beste ahozko sorkuntzen dokumentazio egitasmoetan lagungarri izateko".
Euskal Antzerkiaren Dokumentazioaren” inguruan
Ondokoa ere gaineratu dute: "Arte sorkuntzei buruzko ondarea bildu, antolatu eta publikoaren esku jartzeak berebiziko garrantzia du sorkuntza hori biziberritu eta geroratzeko: aurretik egin dena ezagututa berria sortzeko, artista gazteei transmititzeko, ikertzeko, hedatzeko... hori guztia ahalbidetzeko dokumentazio egitasmo eraginkorrak behar dira. Helburu horri lotuta, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen lehentasunekin bat eginda antolatu dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak “Euskal Antzerkiaren Dokumentazioaren” inguruan.
Xenpelar Dokumentazio Zentroa 1991ean sortu zuen Bertsozale Elkarteak, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratuz, maila guztietako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. Bertsozale Elkartearen sailetako eta herrialdeetako egitasmoei esker eta elkartearen inguruko bertsozaleen bidez osatzen da urtez urte Xenpelar Dokumentazio Zentroak bildu eta eskaintzen duen ondarea.