Gaur, azaroaren 6an, Euskaltzaindiak Euskal Herriko ibaiak / Ríos de Euskal Herria / Les cours d'eau du Pays Basque liburua aurkeztu du Bilbon. Liburuak Euskal Herriko 414 ibai nagusiren izenak, eta guztien erabilera egokia, jasotzen ditu. Onomastika batzordeak paratutako lana da, eta Osoko bilkuraren onespenarekin batera, arau izaera eman zitzaion, 2011ko urrian: Akademiaren 166. araua da. Orain, liburu euskarrian argitaratu da.
Lana Onomastika gaiak jorratzen dituen Izenak bildumaren laugarren zenbakia da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu du Akademiak.
Aurkezpena honako hauek egin dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarazko zuzendari nagusiak; eta argitalpenaren paratzaileek (Andres Iñigo Onomastika batzordeburu ohiak eta Patxi Galé Onomastika batzordeko kideak).
Esan bezala, Euskal Herriko ibaiak Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak paratutako lana da, eta arau izaera eman zitzaion, 2011ko urrian: Akademiaren 166. araua da. Galék jakinarazi duenez, ordutik hona zuzenketaren bat edo beste egin da: “Bitarte honetan eta araua hedatzeari esker, zenbait ohar heldu da erabiltzaile estrategiko batzuengandik eta, Onomastika batzordean beharrezko konprobazioak egin ondoren, dagozkien zuzenketak eraman dira Osoko bilkurara ere. Azken zuzenketak aurtengo iraileko Osoko bilkuran onartu ziren eta dagoeneko liburuan jasota daude. Eskertzekoa da Akademiaren lana hobetze alderako lankidetza hori, toponimoen normalizazioa gero eta finago egin dadin oso lagungarria delako”.
Ibaien izenek uste baino presentzia handiagoa dute gure artean, baina ez dira beti behar bezala idazten edo erabiltzen. Beraz, Andres Iñigok esan bezala, gaiak erabilera praktikoan duen interesa kontuan izanik -irakaskuntzan, argitalpenetan, esatarien lanetan, hedabideetan, administrazioen zereginetan eta bestelako alorretan- orain liburuki berezi batean argitaratu da. Liburuak biltzen dituen testuak, zerrendak eta mapak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eman dira.
Bederatzi zerrenda
Ibaiak bederatzi zerrenda nahiz mapatan sailkatu dira, bederatzi alderdi hidrografikori dagozkionak. Hala, zerrenda alfabetikoaz gain, aipatutako sailkapen hori eta zerrenda bakoitzari dagokion mapa eskematikoa ere eskaintzen dira liburuan. Antolatzeko irizpidea geografikoa izan da gehienbat, ahal izan den neurrian arrazoibide politiko-administratiboak alde batera utziz.
Honako hauek dira sailkapeneko zerrendak eta mapak:
- Bizkaiko kostaldean itsasoratzen diren ibaiak (denera 38)
- Gipuzkoako kostaldean itsasoratzen direnak (59 ibai)
- Lapurdiko kostaldean itsasoratzen direnak (91 ibai)
- Logroño baino gorago Ebron isurtzen diren ibaiak (40)
- Logroñotik behera Ebron isurtzen diren ibaiak Egaraino (36)
- Aragoi ibaiaren goiko arroa Onsellaraino (45 ibai)
- Aragoi ibaiaren beheko arroa, Arga salbu (36 ibai)
- Arga ibaiaren arroa (56 ibai)
- Aragoi ibaia baino beherago Ebron isurtzen direnak (13 ibai)
Ibaien izenak hiru modutara erakusten dira: lehenik lerrokada alfabetikoa emanik, aldi berean sinonimoak eta beste hizkuntzetako ordainak ere erakutsiz; bigarrenik aipatutako bederatzi eremuetako zerrenda hierarkikoak, nolabait kokapena eta garrantzia aditzera ematen dutenak; eta, azkenik, zerrenda hierarkikoei dagozkien mapa eskematikoak, kokapen aldetik egon litezkeen zalantzak argitzeko.
Ana de Castroren hitzak (PDF, 16,7 KB)
Andres Iñigoren hitzak (PDF, 48,6 KB)
Patxi Galéren hitzak (PDF, 86,6 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.