Gasteizko Udalaren, Gasteizko Kontzeju Elkartearen eta Euskaltzaindiaren ekimenez, Arabako hiriburuaren toponimia hizpide izan duten bi hitzaldi eman ditu Gasteizen Elena Martínez de Madina Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko kide eta Gasteizko Toponimia egitasmoaren teknikariak. Lehena urriaren 25ean izan zen, eta bigarrena atzo, hilaren 29an, Goiuri Jauregian.
Atzoko hitzaldian, Alfredo Iturricha Herritarrentzako Zerbitzuak eta Kirolak arloko zinegotziak egin zuen aurkezpena. Ondoren, Elena Martínez de Madinak Gasteizko Toponimia egitasmoaren nondik norakoa, eta toponimiaren alorrean metodologia zientifikoaren aplikazioa azaldu zituen.
Era berean, udalerriko hainbat toponimoren gaineko zehaztasunak eman zituen. Adibidez, gaur egun erabiltzen den Jeniturri izena Axariturri toponimotik datorrela; Cabraosteaz, aldiz, Kaltzadaostea-tik; edo Almachorra izenak Ormatxaurra toponimoan duela jatorria.
Halaber, Gasteizko kale izen batzuk zuzendu egin direla-eta, aldaketa horien guztien zergatia azaldu zuen. Besteak beste, Oreitiasolo (lehen Uritiasolo); Judimendi (lehen Judizmendi) edo Borinbizkarra (lehen Borrombizcarra).
Bai atzoko hitzaldia, baita joan den astekoa ere, "Gasteizko toponimia, gure leku-izenen gaineko argibideak" izenburupean antolatu den zikloaren barruan sartzen dira. Azken ekitaldia azaroaren 8an izango da. Egun horretan, Gasteizko hainbat kontzeju bisitatuko dira, eta bertatik bertara azalduko toponimo guztiak. Hauek izango dira kontzejuak: Zuhatzu, Subilla Gasteiz, Zumeltzu, Gometxa, Ariñiz, Lermanda, Margarita, Mendoza, Estarroa, Aztegieta eta Krispiña. Goizeko 11:00etan, Gasteizko Urrezko Zeledonen plazatik autobus bat irtengo da.
Informazioa telefono zenbaki hauetan eska daiteke: 945-161762 / 945-161926.