Urte garaia ere halakoxea izaki, badaki ongi Urepelen Xalbador Egunera joateko ohitura duenak zer den hango hotza eta bisutsa.
Hala ere, 2014ko urriaren 18ak eta 19ak aurpegi ezin ederragoa erakutsi zieten Nafarroa Behereko bazter harrigarri honetara joan zirenei. Hego haizea, eguzkia eta beroa ekarri zituzten Xalbadorrek eta haren lagun min Etxahun Irurik aurtengo ospakizunerako.
Deiadarra taldeak antolatutako egitasmoak zioen bezala, larunbat arratsaldean, 19:00etan, hasi ziren aurtengo jaiak. Ordu horretan, Mixel Etxekopar eta Ronnie Lynn Mississipiko artzainak entzun/ikusgarri eder-ederra eman zuten, Transhumantzia izenez: Zuberoako kantu, artzaintza eta pastoralen oroigarria, hain justu, betiere Etxahun Iruriren ekarria gogoan. Tokia ere, Urepeleko eliza alegia, aproposa zen halako emanaldia ondo entzun, ikusi eta sentitzeko.
Izatekotan ere, aitzakia bakarra jarriko genioke larunbat ilunabarrari: jendez urri samar izan zela alegia, ez baitzen eliza dena bete. Baina merezi zuen halako emanaldiak. Hegoaldean noiz ikusiko ote ditugu Ronnie Lynn eta Mixel Etxekopar –eta pastoraletako beste zenbait– larunbatekoa bezalako saio bat ematen? Goraintzi herrietako udal eta kultur alorretan dabiltzan antolatzaileei. Ez dugu pentsatzen dirua izan litekeenik eragozpen.
Igandea
Ohi den bezala, goizeko mendi ibilaldiarekin hasi zen eguna goizean goiz, Urepele eta inguruak bisitatu, bide bazterretan jaulkita zeuden gaztaina batzuk eta garo artean han-hemen sortutako onddoak bilduz. Igande goizeko ibilaldiak argazki ederrik emango zuen, seguruenik, egunsentiaren ederrak aukera eman zuen horretarako-eta.
10:30ean meza izan zen herriko elizan, Xalbador eta bere emazte Leoni zena, eta Etxahuniako semea gogoratuz. Eta mezetan ere, herritar batzuk, eta Hegoaldetik (Bizkaia-Gipuzkoa) joandako aurpegi ezagunak, urtero bezala.
11:15ean, herriko eskola-etxean, mintzaldi/kantaldia, Mixel eta Lutxi Etxekopar, Jean Mixel Bedaxagar eta Allande Etxahunekin. Berriro ere Zuberoako euskararen eta Etxahun Iruriren kantu harrigarrien lilura. Egia esateko, eskola-etxeko aretoa ez da munduko egokirik egokiena holako emanaldi baterako, baina zaila izango da hantxe iragan genuen baino ordu eta erdi ederragoa pasatzen. Txalo bero bat Zuberoako talde bikain honi, behin eta berriz.
13:00etan, Larraineko dantzariak eta Donazaharre eta Mutrikuko herri kirol taldeen emanaldia, zein baino zein. Urtero errepikatzen den ikuskizuna izan arren ere, jende multzo polita bildu zen plazan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula Joxe Mari Egañak eta bere taldeak egiten duten ahalegina. Plazan bildu zen jendearen eta gure txalorik onenak merezi dituzte urtez urte hola saiatzen direnek. Bejondeiela.
14:00etan lagun arteko bazkaria. Bazkari denboran, 1976an Maite Barnetxe zenak Etxahun Irurirekin egindako elkarrizketa/erreportaia eman zen, ETBri esker.
Hemen ere, aitzakia txiki bat: garaia eta tokia ez ziren batere egokiak holako emanaldi baterako. Jendeak, jan, edan eta hitz egin nahiago izaten du garai horretan. Eta ikusi eta entzuteko arazoak ematen ditu pilotalekuak.
Mixel Etxekopar eta Ibai Kanpo gazteak (17 urte) hasi zuten bertso saioa. Baina, eskolak eskola, bistan gelditu zen edozein ez dela gai mikro baten aurrean jarri eta bat-batean bertsotan egiteko. Nori berea.
Aldiz, Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Xebastian Lizaso, Joxe L. Gorrotxategi eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxek ondo baino hobeki bete zuten justu hirurogei minutu iraun zuen ekinaldia. Entzule zahar eta gazte asko bildu zen Urepeleko ezker-paretan. Argi gelditu zen gazte jendeak ere ongi dakiela bertso onaz gozatu eta txalotzen.
Urtero bezala, erromeriarekin amaitu zen aurtengoa.
Hurrengo urteko jaia prestatzen eta eskerrak emateko garaian, Urepeleko Herriko etxeari, Bizkaiko Foru Aldundiari, EITBri, eta espresuki, Mutrikuko taldeari eskerrak eta txaloak, jolasak antolatzen ez ezik larunbateko afaria eta igandeko bazkaria prestatzen urtero egiten duten ahalegin eskergaitzagatik. Zer izango litzateke Urepeleko festa mutrikuarrak gabe? Bejondeizuela behin eta berriz.