"Gasteizko toponimia, gure leku-izenen gaineko argibideak" izenburupean, hitzaldi bi eskainiko ditu urrian Elena Martínez de Madina Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko kide eta euskaltzain urgazleak. Gasteizen emango ditu: urriaren 25ean, Gometxako Gizarte Etxean izango da, 18:00etan, eta hilaren 29an Goiuri jauregian, 19:00etan.
Antolatzaileak honako hauek dira: Gasteizko Udala, Gasteizko Kontzeju Elkartea eta Euskaltzaindia.
Euskaltzaindia lantzen ari den Gasteizko Toponimia egitasmoaren teknikaria da Elena Martínez de Madina eta ondo baino hobeto ezagutzen du Arabako hiriburuaren toponimia. Hala, bada, leku-izenen nondik norakoa azalduko du aipatu bi hitzaldiotan. Biak gaztelaniaz emango ditu.
Gainera, azaroaren 8an, Gasteizko hainbat kontzeju bisitatuko dira, eta bertatik bertara azalduko dira toponimo guztiak. Hauek izango dira kontzejuak: Zuhatzu, Subilla Gasteiz, Zumeltzu, Gometxa, Ariñiz, Lermanda, Margarita, Mendoza, Estarroa, Aztegieta eta Krispiña. Goizeko 11:00etan, Gasteizko Urrezko Zeledonen plazatik autobus bat irtengo da.
Informazioa telefono zenbaki hauetan eska daiteke: 945-161762 / 945-161926.