Gaur, urriaren 16an, Mendebalde Kultura Alkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Akademiaren egoitzan. Mendebalderen izenean Kaxildo Alkorta zuzendariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Adierazi dutenez, "aurrera joateko” hitzarmena da.
Erakunde bion arteko elkarlana aspalditik dator, baina hemendik aurrera are nabarmenagoa izango da: "Aurrera goaz elkarrekin -esan du euskaltzainburuak- hor dago gakoa. Bidelagun izango garela". Kaxildo Alkorta ere pozik agertu da eta “baikortasunerako hitzarmena” dela esan du. Era berean, Mendebalde Kultura Alkartearen helburuak aipatu ditu: “Bitarikoak dira: alde batetik, Euskal Herriko mendebaldeko euskarak, bizkaiera izenaz ezagutzen denak, euskara batuari eskain diezaiokeen ondarea ikertzea eta indartzea, horrela euskara bera ikertu eta indartuz; bestetik, mendebaldeko euskararen corpusa eta estatusa jagotea, jorratzea eta bultzatzea”.
Gaurko ekitaldian honako hauek ere izan dira: Mendebalderen izenean, Maribi Unamuno, Eneko Barrutia, Juan Luis Goikoetxea eta Jacinto Iturbe (Karmele Perez Urraza diruzainak ezin etorria adierazi du); Euskaltzaindiaren aldetik, Xabier Kintana eta Pruden Gartzia.
Euskararen normalizazioa helburu
Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen normalizaziorako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da, euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean batez ere.
Besteren artean, hitzarmenak honako hau jasotzen du: Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, Mendebalde Kultura Alkarteak argitaraturiko euskarazko testu-multzoa Akademiaren eskuetan jarriko duela.
Lexikoaren Behatokiaren xedea honako hau da: corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua eraikitzea. Corpus monitoreak etengabe hazten dira, urtero testuak gehituz, hizkuntza denboran zehar nola aldatzen ari den ikusteko. Batez ere hiztegigintzan erabiltzen dira. Hazkunde horretan, testuak jasotzeko garaian, irizpide jakin batzuk erabiltzen dira, garai desberdinetako emaitzak konparagarriak izan daitezen. Egitasmoa Elhuyar, UZEI eta EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldearekin garatzen ari da Akademia.
Horretaz gain, honako puntu hauek jaso dira hitzarmenean:
- Mendebalde Kultur Alkarteak Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.
- Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute. Era berean, bi sinatzaileen artean argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte. Era berean, argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte.
- Euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute. Euskaltzaindiak egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko aukera eskaintzen dio Mendebalde Kultur Alkarteari, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.
Helburu hauek lortzeko, Mendebalde Kultura Alkarteak eta Euskaltzaindiak batzorde teknikoa osatuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du.