Irailaren 26an, Euskaltzaindiak Zangozan egin zuen Osoko bilkuran, Hitz-elkarketa Euskaltzaindiaren webgunearen atalaren azalpena egin zen. Atalak LEF batzordeak (Lexiko Erizpideak Finkatzeko batzordeak) hitz-elkarketaz egin dituen lau lanak jasotzen ditu.
Lana prestatu duten Miren Azkarate euskaltzain osoak eta Elixabete Perez Gaztelu euskaltzain urgazleak egin zuten aurkezpena, Jon Artza Euskaltzaindiko Argitalpen zerbitzuko arduradunaren laguntzarekin.
Esan bezala, lau lanez osatua dago atala. Horietako hiru -Hitz-Elkarketa/1 (1987), Hitz-Elkarketa/3 (1991) eta Hitz-Elkarketa/4 (1992)- eskura zituen erabiltzaileak paperezko edizioan, baina ez zegoen bertsio elektronikorik. Orain PDF formatuan ere kontsulta daitezke, webgunean.
Laugarren lana, Hitz-Elkarketa 2 izenekoa, argitaratu gabe zegoen. Horren edukia hiru bertsiotan eskaintzen da: modu interaktiboan, ordenagailuan nabigatzeko; PDF formatuan; eta ePub bertsioan, irakurgailu elektronikoetara jaitsi eta bertatik nabigatzeko.
Hitz-elkarketa atalaren aurkezpen publikoa uztailaren 3an egin zen Donostian.