Euskaltzaindiak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sarien laugarren edizioaren deialdia egin dute. Euskal Herriko Unibertsitatean 2012ko ekainaren 16tik 2014ko uztailaren 31ra bitartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara. Eskariak aurkezteko epea 2014ko irailaren 26ra arte egongo da zabalik.
Europar Tesi edo Nazioarteko Tesi gisa aurkezturiko tesiak ere onartuko dira, erabilitako hizkuntzetako bat euskara izan bada. Eskaria egiteko Erregistro Orokorreko bulego batean aurkeztu ahal izango dira.
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariak" sortu zituzten 2008an, euskaraz egindako ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariok bi urterik behin deitzen dira. Bost jakintza-arlo nagusietan -Artea eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Zientziak eta Ingenieritza eta Arkitektura- saridun bana esleituko da.
Urtero 300etik gora doktorego tesi aurkezten dira Euskal Herriko Unibertsitatean, horien artean bi dozenatik gora euskaraz idatziak direlarik, bai erabat euskaraz idatzita daudelako edota, nazioarteko doktorego tesiei buruzko araudiaren barnean, testuaren zati esanguratsu bat euskaraz dagoelako. Koldo Mitxelena sarien bitartez, EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesi horien ekarpen bikoitza nabarmendu nahi dute: alde batetik, beste hizkuntzetan eginiko gainerako tesiek bezalaxe, jakintzaren sakontzea eta zabaltzea ahalbidetzen dute. Eta, bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ere ezinbesteko laguntzak eskaintzen dituzte.
Sari hauen epaimahaia honako hauek osatuko dute: EHUko Euskararen arloko errektoreordea, epaimahaiburua izango denak; Euskaltzaindiaren Iker sailburua, epaimahaibuorde gisa arituko denak; EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendariak; eta bost jakintza-arloetako bina doktorek. EHUko errektorea eta euskaltzainburua ohorezko buruak izango dira. Azkenik, Euskararen arloko Errektoreordetzako normalkuntzako teknikariak idazkari lana egingo du eta, ohorezko buruek bezala, botorik ez du izango.