Aurten ere Xalbador Eguna ospatuko da Urepelen (Nafarroa Beherea), Fernando Aire "Xalbador" oroitzeko. Urriaren 18an eta 19an izango da ekimena, eta urtero bezala, Xalbadorrekin batera, beste pertsona bat omenduko dute. Aurtengoa Pierre Bordazarre "Etxahun Iruri" idazle, kantu eta pastoral egilea izango da.
Deiadarra elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatzen dute Xalbador Eguna, eta bi erakundeotako ordezkariek aurkeztu dute gaur, irailaren 4an, aurtengo egitaraua, Donostian. Bertan izan dira Itxaro Bethart Deiadarra elkartearen izenean, eta Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzaina. Arratsaldean, 14:30ean, Ipar Euskal Herriko komunikabideen aurrean egingo dute bigarren aurkezpena, Baionan, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan.
Xalbador Egunerako egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek. Besteak beste, urriaren 18an, larunbatean, François Rossek eta Mixel Etxekoparrek kantaldia emango dute. Igandean, aldiz, Etxaun Iruriri buruz ariko dira, mahai-inguru batean, Jean Mixel Bedaxagar, Allande Etxahun, Luxi Etxekopar eta Mixel Etxekopar.
Etxahun Iruri
1908ko maiatzaren 28an jaio zen Pierre Bordazarre, Irurin (Zuberoa) eta 1979ko urriaren 1ean hil zen. Txirulari "harrigarria", idazle, abeslari, kantu eta pastoral egilea zen. Berak egindako kantuen artean, agian ezagunenak hauek dira: Agur Xiberua eta Oi ama Eskual Herria.
Honako hamar pastoralak idatzi zituen:
- Etxahun koblakaria (Barkoxe, 1953), Parisen emana, 1967an.
- Matalaz (Eskiula,1955), Parisen emana 1966an.
- Bereterretxe (Maule-Lextarre,1958).
- Zantxo Azkarra (Gotaine-Irabarne, 1963).
- Le comte de Treville–Iruriko jaun kuntea (Iruri,1966).
- Txikito Kanbo (Maule-Lextarre,1967), urte berean Donostian emana.
- Pette Beretter (Gotaine-Irabarne, 1973).
- Iparragirre (Urdiñarbe, 1978).
- Ximena ( Atharratze eta Iruri, 1979). Emakumeek bakarrik protagonizatua.
- Iparragirre (Urdiñarbe, 1980). Ezin izan zuen ikusi, bera hil eta gero eman baitzen.
Egitaraua
Hauxe izango da egitaraua:
Urriaren 18a, larunbata:
· 19:00: Kantaldia: Transhumantzia. François Rosse eta Mixel Etxekopar, Urepeleko elizan.
. 21:00: Afaria. Mixel Etxekoparren kantuekin
Urriaren 19a, igandea:
. 09:00: Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia, etxola eta Urepele ezagutzeko.
· 10:30: Meza nagusia.
· 11:15: Mahai-ingurua. Jean Mixel Bedaxagar, Allande Etxahun, Luxi Etxekopar eta Mixel Etxekopar arituko dira Etxahun Iruriz.
. 11:30: Larraineko dantzariak, plazan.
. 13:00: Herri kirolak, Donazaharre (Nafarroa Beherea) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) taldeekin. Sokatira, sega, orga altxatzea eta lasto altxatzea.
. 14:00: Bideo emanaldia, Etxahun Iruriren omenez.
· 15:30: Haurren txokoa.
· 15:30: Bertsolariak: Ibai Kanpo eta Joanes Etxeberria bertsolari zubetorrak arituko dira. Ondoren, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Juan Jose Eizmendi "Loidisaletxe II" eta Jose Luis Gorrotxategi. Gai-jartzailea: Joxe Mari Iriondo.
· 17:30: Erromeria, trikitilariekin.
Urepeleko Herriko Etxearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskadi Irratiaren laguntzarekin antolatu da egitaraua. Larunbateko afarirako, edota igandeko bazkarirako erreserbak egiteko, deitu 0033624332995 telefono zenbakira.