Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeek Hamalau Heriotzena izeneko sortaren jatorrizko bertsopaperaren kopia bat aurkitu dute Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan. Dokumentu berean agertzen denez, Tolosan argitaratu zen, D. Juan Manuel la Lamaren inprimategian, 1826an.
Modesto eta Bertol Arrietak esaten dutenaren arabera, orain arte inork ez du bertso-paper orijinalaren kopiarik argitaratu. Haiek, Pello Esnalen eta Jabier Kalzakortaren aholkuak jarraituz, jo zuten Azkue Bibliotekara. "Gero -azpimarratu dute- Josune Olabarria Bibliotekako langilearen jarrerak eta profesionaltasunak egin du gainontzekoa".
Dokumentuari buruzko zehaztasunak eman dituzte: "1965ean J.M. Leizaolak 1808-1814 en la poesía popular vasca (194-200 or) liburuan argitaratu zituen bertso horiek, baina ortografia garaira egokituta eta izenak ezkutatuta. Gero, 1983an, Lakarrak, Bigurik eta Urgellek jaso zuten aldaera hori euren liburuan (Euskal baladak: antologia eta azterketa)".
"Dena den -gaineratu dute- bertso-paper hori, Louis Lucien Bonaparte printzeak jaso eta Londresen zeukan liburutegi pertsonalean gordeta egon zen, bere alargunak Chicagoko Newberry Libraryri saldu arte (1900. urte inguruan). Gero, 1980. urte inguruan, Euskaltzaindiaren Bibliotekak Bonapartek jasotako bertso-paperez osatutako mikrofilm bat erosi zuen, ikertzaile guztien eskuragarri egon zedin. Kontsultak errazteko bertso-paper horien kopiak egin zituen paperean. Guri horien kopia bat iritsi zaigu. (Hilabete eskas geroago, Roberto Kerexetaren laguntzaz, beste mikrofilm bat aurkitu dugu Euskadiko Artxibo Historikoan)".
Bertso-paper honetan, aurkezpen gisa, testu hau azaltzen da: MENDAROCO SEMEA NAIZ DESGRACIA ASCO EGUIN dedana, eta noa aditce? ematera canta oiequin ez dedin suertatu Amaren Semeric gueyago ni becela.
Informazio berriaren bila
Lanean jarraitzen dute ikerlariek. Hori dela-eta, bertso-sorta honi lotutako informazioa izan lezakeen edonor eurekin harremanetan jartzea eskatzen dute. "Batez ere -adierazi dute- hauek interesatzen zaizkigu: Manuel Lekuonak 1935ean argitaratutako bertso hauen aldaeraren jatorrizko dokumentua, Basarrik Loiola, Arrate eta Segura irratietan 1962an kantatutako bertsoen grabazioa eta bertso-paper hauekin erabilitako doinua (1920. urtea baino lehenagokoa)". Hauxe da Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeek duten helbide elektronikoa: Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.