Nestor Basterretxea artista handia hil da. Larunbatean izan zen, eta ordutik hona hamaika hitz esan dira, hamaika lerro idatzi, hamaika irudi zabaldu, berak utzitako hutsunea bete nahian. Eskultore, zinemagile, pintorea izan zen, eta guztion begietan iltzatuta dauden kartelak eta logotipoak ere diseinatu zituen. Horien artean, Euskaltzaindiak antolatu eta 1978an burutu zen Bai Euskarari euskararen aldeko kanpainarena.
Bai Euskarari kanpaina handi eta arrakastatsua izan zen, eta Euskal Herri osoan zehar zabaldu zen, ekitaldi askoren bitartez. Izen bereko kanta ere sortu zen, Telesforo Monzonen hitzekin, Pantxoa eta Peiok abestuta. 1978ko ekainaren 17an, Bilboko San Mames futbol zelaian, amaierako ekitaldia izan zen. Bertan grabatu zen Bai Euskarari diskoa, dozenaka artisten musika jasotzen zuena. Borondate asko eta kemen handia batu zituen kanpaina erraldoia izan zen. Eta horren irudia -"uso zuria, uso gorria"- Nestor Basterretxeak ere sortua zen.
Gaur, uztailaren 14an, emango diote azken agurra Basterretxea artista eta gizonari. Omenaldi zibila izango da eta iluntzeko 20:00etan egingo da Donostian, Zorroagako eliza zen eraikinean.