Gaur, uztailaren 23an, elkar Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Donostian, Fundazioaren egoitzan. Fundazioaren izenean Jose Mari Sors zuzendari orokorrak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Eurekin batera hauek izan dira ekitaldian: Elkarren izenean, Xanti Jaka, Jon Jaka, Iker Aranburu eta Ana Garmendia, eta Euskaltzaindiarenean Xarles Videgain, Xabier Kintana, Erramun Osa eta Joseba Zabaleta.
Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da.
Besteren artean, hitzarmenak honako hau jasotzen du: Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, elkar Fundazioak argitaraturiko euskarazko testu-multzoa Akademiaren eskuetan jarriko duela.
Lexikoaren Behatokiaren xedea honako hau da: corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua eraikitzea. Corpus monitoreak etengabe hazten dira, urtero testuak gehituz, hizkuntza denboran zehar nola aldatzen ari den ikusteko. Batez ere hiztegigintzan erabiltzen dira. Hazkunde horretan, testuak jasotzeko garaian, irizpide jakin batzuk erabiltzen dira, garai desberdinetako emaitzak konparagarriak izan daitezen. Egitasmoa Elhuyar, UZEI eta EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldearekin garatzen ari da Akademia.
Horretaz gain, honako puntu hauek jaso dira hitzarmenean:
- Euskaltzaindiak erantzuna emango die Elkarrek eginiko kontsultei, kontsultak euskal lexikografiaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz eta euskalkien erabileraren ingurukoak direnean. Iradokizunak direnean, Euskaltzaindiak bideratuko ditu.
- Bi erakundeak publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatuko dituzte. Era berean, argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte.
- Erakunde biok egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko aukera elkarri eskaintzeko asmoa agertzen dute, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.
Helburu hauek lortzeko, elkar Fundazioak eta Euskaltzaindiak Batzorde teknikoa osatuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du.