Datorren ostegunean, uztailaren 10ean, Karmel aldizkariak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute Bilbon, Akademiaren egoitzan, goizeko 11:30ean. Julen Urkitza aldizkariko zuzendariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatuko dute.
Hitzarmen horrek Karrnel aldizkariaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sustatzea du xede, euskarari eta euskal kulturaren normalizazioari buruzko proiektu partekatuak gauzatzeko. Euskararen jakitea, erabilera zein haren aldeko sustapenaren ikerketa, dibulgazioa eta sentiberatzea izango dira, batez ere, bi erakundeon arteko hitzarmenaren helburu nagusiak.
Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Karmel aldizkariaren euskarazko testu-masa Akademiaren eskuetan jarriko da. Testu-masa hori Hiztegi Batuan egin behar diren azterlanak egiteko ere erabil dezake Euskaltzaindiak.
Karmel historia luzeko aldizkaria da. Karmengo Argia (1931-1936) aldizkari herrikoia 1951-1956 urteetan Egutegi bezala agertu zen eta, berriro, aldizkari bezala (bihilabetekaria), 1957-1961 aldian. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen 1961. urtean. Karmelen hirugarren aroa 1970ean hasi zen eta gaur arte jarraitzen du, gizatasunaren eta euskal kulturaren zerbitzuan.