Hitz-elkarketa/2: SARRERA GISA

SARRERA GISA*

Urteak igaro dira Euskaltzaindia Hitz-Elkarketa izeneko sorta argitaratzen hasi zenetik, euskal lexikoa gaurkotzeko baliabide guztiz garrantzitsu eta beharrezkoa baita hitz-elkarketa. Ez da, ordea, bakarra, hizkuntza guztiek jotzen baitute hizkuntzaren beraren baliabideez gain —hitz-elkarketaz eta eratorpenaz gain—, maileguak hartzera, hau da, beste hizkuntza batzuetatik hitzak hartu eta berera egokitzera. Eta, jakina, hitz berrien ondoan hor dugu tradizioko euskal hitzen altxorra ere. Hori guztia aztertzeko sortu zen 1981ean Hiztegigintza Batzordea, esan duguna kontuan hartuta, bere baitan atal bat baino gehiago behar zituena. Lehena, Maileguzko Hitzen batzordea izan zen; eta maileguak nola egokitu aztertu ondoren, ezinbesteko iritzi zion Euskaltzaindiak euskarak hitz berriak sortzeko zituen baliabideak aztertzeari. Horretarako sortu zen, hain zuzen ere, 1986ko udaberrian LEF Batzordea, Lexikologi Erizpideen Finkapenerako Batzordea garai hartan euskaltzain urgazle zen Mikel Zalbideren proposamenez. Batzorde honek, bere aldetik, hitz-elkarketa aztertzeari ekin zion eratorpena bigarren aldi baterako utziaz, eta, lehenik, Zalbidek berak eginiko euskal hitz elkartuen behin-behineko sailkapen orokorra onartu zuen. Sailkapen hori begien aurrean izanik hasi zen Batzordea lanean, eta handik urtebetera argitaratu zen lehen emaitza, Hitz-Elkarketa/1 liburukia (Mikel Zalbidek prestatua hau ere), sailkapen orokorrarekin batera, bost hitz elkartu motari buruz egindako lana biltzen zuena.

1991n etorri zen bigarren liburukia, Hitz-Elkarketa/3, 1988. urtean zehar eginiko jardunaldietan landu ziren txostenak jasotzen zituena (hamabi hitz elkartu mota), eta, 1987an argitaratu zen behin-behineko sailkapen hari aldaketa txikiren bat egin ziona.

Hurrengo urtean, 1992an, plazaratu zuen Euskaltzaindiak Zalbidek moldaturiko Hitz-elkarketa/4, hiru atal nagusi dituena. Lehenak, Euskaltzaindiaren 1971ko hitz elkartuen idazkerari buruzko arauaz eginiko galdeketaren berri ematen du. Bigarrenak, hitz elkartuen osaera eta idazkerari buruzko argibideak jasotzen ditu, besteak beste, hitz elkartuen behin betiko sailkapen osatuagoa. Eta, hirugarrenik, Euskaltzaindiaren hitz-elkarketari buruzko gomendio-araua, 1992ko ekainaren 26an onartua.

Nabarmena da sorta honetan Hitz-Elkarketa/2 liburukiaren falta, dagoeneko 1991ko argitalpeneko Sarreran berariaz aitortzen zena (H-E/3: 19 / XVII):

Harridura sor dezake, dena den, Hitz-Elkarketa/3 kaleratzeak bigarrena baino lehen. Bi urtez, 1987an zehar eta 1988ko udaberria arte, hamabost azpisailetan banaturik landu zen Eguzki-lore motako menpekotasunezkoa da Hitz-Elkarketa/2 osatuko duena1. Baina ulertzekoa da bakarka idatzi eta aztertu ziren hamabost txosten horietan zenbait puntu eta gai errepikaturik aurkitzea. Horrexegatik, hamabost horietatik bakarra egin behar delako, eskatzen du liburu horrek askoz lan handiagoa.

Esana dago, horrenbestez, zergatik eta zertarako gorde genuen Hitz-Elkarketa/2 liburukia, zein den aurkezten ari garen lanaren edukia. Egia da guk orduan uste genuen baino askoz denbora gehiago igaro dela, baina iruditzen zaigu lanak ez duela balioa galdu, merezi duela oraindik ere H-E/42 liburukian (97 / 77 hur.), “Eguzki-lore: mendekotasunezko3 izen-elkarteak” deritzan atalean ageri diren gisa askotako izen elkartuen sailak aztertzen egindako txostenak orraztu, osatu eta argitara ematea. Areago, urteak joan izanak aukera eman digu liburua ez bestelako euskarrian eskaintzeko lan hau, hitz-elkarketari buruz orain arte argitaratutako gainerako lanekin batera.

Esku artean ditugun elkarte-motei dagokienez, funtsean bitara bil daitezke: “Behi-esne moduko izen-elkarte arruntak” —adibide gehien dituena, joriena—, eta berezien saila; hots, arrazoiren bat edo beste dela medio, arestikoekin batean sailkatzen errazak ez diren beste hamaika izen elkartuk osatua.

Berezitzat jotako azken horiek, berriz, lau multzo handitan sailkatu genituen: “Mugakizun bereziko izen-elkarteak” (Multzo-, Zati-, Mota-elkarteak…), “Mugatzaile bereziko izen-elkarteak” (Aitzinsolas-en ildokoak, elkarlan modukoak…), “Subordinaziozko leku-izenak” (Atharratze-Jauregia, Ozaze-Jaurgainia…) eta “Izen-elkarketazko postposizioak” (komediante moduan, etxe aurrean… adibideen ildokoak).

Bada, lau multzo berezi horietatik, lehen biak besterik ez ditugu liburu honetan berariaz jorratuko. Hauexek arrazoiak:

  1. “Subordinaziozko leku-izenak”, arras gutxi izateaz gain, oro har, gainerako mendekotasunezko izen elkartuen arabera azter daitezke. Esate baterako, Ozaze-Jaurgainia “Ozaze herriko Jaurgainia etxea” bada, “Ozaze herri osoaren zati bat da Jaurgainia etxea”, ‘osoa-zatia’, edo “Ozaze herrian dago Jaurgainia etxea”, ‘non-zer’, ‘lekua’ erlazio semantiko edo logikoen arabera azal daiteke.
  2. Postposizioak, berriz, ez bide dira kategoria lexikoak, sintagmatikoak baizik. Egia da behin baino gehiagotan, mugakizuna lekua edo denbora adierazten duen izena denean, duda egin daitekeela postposizioa (etxe + aurrean) edo mugakizun bereziko hitz-elkartea ote dugun ([etxe + aurre] -an). Azken batean, lexikoaren eta sintaxiaren arteko “muga-arazoak” dira tarteko. Dagokion atalera iristean saiatuko gara kontu hau argitzen. Guztiarekin ere, liburu honen aztergaia “izen + izen” segidako hitz-elkarteak direnez gero, badirudi zentzuzkoena dela baldintza hau betetzen ez duten egiturak hemen ez aztertzea.
  3. Irizpide honek berak eraman gaitu “Mugatzaile bereziko izen-elkarteak” saileko “Elkarlan modukoak” bazter uztera. Hauek ere ez dira “izen + izen” egiturakoak eta nola eta zergatik sortu diren horrelakoak kontuan hartuta, badirudi “Erdal aurrizkien euskal ordainak” LEF batzordeak aztertu bai, baina argitara gabe duen lanean izan beharko luketela dagokien azterketa, beste segida batzuekin batean.

Esana dago honenbestez hemengo lantegi zehatza “izen + izen” egiturako (A-B motako (H-E/1: 39 / 34)) mendekotasunezko izen-elkarteak direla: elkarte arruntak (Behi-esne modukoak), eta mugakizun nahiz mugatzaile berezia dutenak.

Elkartu mota bakoitzaz Euskaltzaindiak eman duen idaztaraua azalduko dugu Behi-esne moduko elkarteak aztertzen ditugunean, lehen kapituluan. Osagaien topaguneetan gertatu diren hots-aldaketak, berriz, ez ditugu oro har hemen xehatuko, H-E/3 lanean jasoak baitaude. Bi osagaitik gorako elkartuak eta ingurukoak, berriz, atalez atal aztertu beharrean, atal berezi batean jasoko ditugu.

Elkarte-mota eta azpimota guztiak aztertu ondoren, bukaeran, adibidetegi osoa doa, Hitz-Elkarketa/1 eta Hitz-Elkarketa/3 liburukietan egin bezala; liburuki guztietako adibidetegia ere Mikel Zalbidek prestatu eta antolatua da. Atalez atal, kapitulu bakoitzean aipatu diren adibide guztiak eta gehiago ere aurkituko ditu irakurleak alfabeto hurrenkeraren arabera antolatuak testuinguru eta guzti, esan bezala, guztiak batera, irakurleari errazago gertatuko zaiolakoan hitz elkartu jakin bat aurkitzea. Alabaina, ahalik eta informazio osoena emateko, adibidea zein liburutatik hartua den adierazten duen kodeaz eta orrialdeaz gain, beste datu bat ere gehitu dugu: H-E/2ko zein azpisailetakoa den. Hartara, erraz aurkitu ahal izango ditu edonork adibide baten gaineko argibideak, sarean argitaratzeak berak ere horretan lagunduko du-eta. Adibidetegiari egin diogun sarreran emango ditugu argibide gehiago honetaz.

Adibideon mekanizazio lana, ordenagailuan sartu eta sailkatzea, UZEIn egin da. Adibidetegiarekin batera, noski, horko kodeen azalpena ere ematen da, adibidetegia osatzeko baliatu ditugun liburuen zerrenda, alegia.

Aurreko argitalpenetan egin bezala, geure azterketa eta sailkapenak oinarritzeko eta irakurleari ere sail bakoitzaz ahalik eta informazio osoena eman nahian, han eta hemen aipatzen ditugun liburu guztiak bildu ditugu Bibliografia-ren atalean. Ildo beretik, puntu bat edo beste sakondu nahi duen irakurleak oin-oharretan aurkituko ditu maiz aski gai hori aztertu duten hizkuntzalarien erreferentziak.

Argitalpen honek, ordea, badu beste berezitasun bat, aurreko lanekin alderatuz gero. Sareko argitalpena da oraingo hau, ez paperean kaleratuko dena; eta honekin batera, sarean jarri ditu Euskaltzaindiak aurreko lan guztiak ere. Hala izateak aukera emango dio irakurleari, testuan H-E/1, H-E/3 edo H-E/4 liburuei aipamena egiten zaienean, zuzenean jotzeko dagokion puntura edo pasartera. Bi bide eskainiko dizkio testuak horretarako: lehenik, esteka batek zuzenean eramango du dagokion liburuko sareko argitalpenera; horrekin batera, hala nahi duenak aurkituko du paperezko edizioan pasarte hori zein orrialdetan ageri den ere. Adibidez, Hitz-Elkarketa/1 lana horrela aipatzen bada, H-E/1: 39 / 34, esan nahi du sareko argitalpeneko 39. orrialdeari dagokiola aipamena, eta paperezko argitalpeneko 34. orrialdeari.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu LEF Batzordearen izenean Zarauzko, Leitzako eta Bidarraiko udalei, Jardunaldiak egiteko egoitza eta laguntza osoa eskaini zutelako.

Horrekin batera, Miren Azkarate egileak, ikerketarako jaso duen finantziazioa eskertzen du: EHU-US10/10; Jaurlaritza–IT665-13; Europar Komisioa–EC FP7/SSH-2013-1 AThEME (613465).


* Miren Azkarate egileak, ikerketarako jaso duen finantziazioa eskertzen du: EHU-US10/10; Jaurlaritza–IT665-13; Europar Komisioa–EC FP7/SSH-2013-1AThEME (613465). Elixabete Perez Gazteluren partaidetza Deustuko Unibertsitateko komunikazio ikertaldearen lan ildoan kokatzekoa da.

1 Hiru jardunaldi eskaini zizkion Euskaltzaindiak hitz-elkarketaren azterketari. VI. Jardunaldiak. Zarautzen. (1987.06.19): “Multzo-elkarteak”, “Zati-elkarteak”, “Mota-elkarteak”, “Konparazio-elkarte exozentrikoak”. VII. Jardunaldiak. Leitzan. (1987.10.24): “Leku-denborazko mugakizunezko hitz-elkartuak”, “Leku-denborazko mugatzailedunak”, “Banakuntza-elkarteak”, “Izen-elkarte bereziak”. VIII. Jardunaldiak. Bidarrain. (1988.03.25 eta 26): “Eguzki-lore moduko A-B hitz elkartu arruntak”, “Subsumptive compounds”, “Leku-denborazko mugakizuna + -ko dutenak”, “Sasi-maisu modukoak”, “-lagun, -mutil, -gizon”, “Berrelkarketak eta garapenak”, “Bestelakoak”. Horietaz gain, “Posposizio direlakoak” lanerako txostena ere landu zuen batzordeak Donostian (1988.03).

2 Liburu osoan zehar H-E/1, H-E/3, H-E/4 laburdurak erabiliko ditugu Euskaltzaindiko LEF batzordearen liburuak izendatzeko. Ik. Biliografiaren atala.

3 Hiztegi Batuaren irizpideekin bat etortzeko, mendeko(tasun) moldea hobetsi dugu, nahiz eta gure aurreko lanetan menpe(ko)(tasun) erabili izan dugun. Era berean, Hiztegi Batuaren arabera, izena bera ere bestelakoa behar luke gaur batzordeak, Lexikologia Irizpideen Finkapenerako batzordea. Baina, sorrerako izena errespetatuz, LEF laburdura gorde dugu.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
Library zlibrary project
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper