Gaur, ekainaren 27an, urtebeteko iraupena duen hitzarmena sinatu dute Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak. Udalaren izenean, Javier Maroto alkateak eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute. Aspalditik elkarlanean ari dira bi erakundeok, eta lankidetza horren emaitzarik nabarmenena, Gasteizko Toponimia egitasmoa, goraipatu dute gaur: "Gasteiz -esan du Javier Marotok- ez litzateke bera izango, Euskaltzaindiak lan hau egin ez balu".
Ekaineko Osoko bilkura Gasteizko Udaletxean egin du gaur Euskaltzaindiak. Hori dela-eta, hitzarmenaren sinaduran, euskaltzainburua ez ezik, gainerako euskaltzainak ere izan dira. Gasteizko Udaleko zinegotziak ere joan dira ekitaldira.
Esan bezala, Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlanaren emaitza behinena Gasteizko Toponimia ikertzeko egitasmoa da eta horrela azpimarratu dute gaur bi erakundeotako buruek. Hala, Javier Marotoren hitzetan, Gasteiz ez zen berdina izango Euskaltzaindiak Gasteizko toponimia berreskuratzeko egiten duen lana egingo ez balu. Izan ere, esan du, “Euskaltzaindiko gizon eta emakume askoren lanak gure historia, gure ohiturak, gure paisajea berreskutatzeko balio izan du. Eurei esker, geure hiriaren izenak berreskuratu ditugu esta, gure historian ez ezik, gure egunerokoan eta gure etorkizunean ere, presente daude”.
Andres Urrutiak ere toponimia arloan Akademiak egiten duen lana aldarrikatu du, eta Euskaltzaindiaren eta gizartearen arteko lotura azpimarratu. “Gure gizarte honetan -esan du-, euskara aurrerabidea da, gure bizitzaren ezaugarria da”. Erakundeekin, eragileekin, gizartea osaten duten pertsona guztiekin lan egin nahi du Euskaltzaindiak, Andres Urrutiaren esanetan, “euskararen mundua egunero posible egiten duen jendearekin egon nahi baitugu”.
Horren ostean, oparien unea heldu da. Izan ere, Euskaltzaindiak lehen aldiz bere historian egin du bilera bat Gasteizko Udaletxean. Hori dela eta, bi erakundeok opari bana eman diote elkarri. Euskaltzaindiak Udalari bi liburu eman dizkio: Axularren Gero eta Leizarragarren Testamentu Berria liburuen faksimileen ale bana. Leizarragaren liburuari dagokionez, 1990ean, Euskaltzaindiak argitaratu zuen edizioaren ale bat izan da, hots, Hugo Schuchardt hizkuntzalari alemaniarrak paratutako Leizarragaren Testamentu Berriaren edizio kritikoa. Liburu hori 1900ean argitaratu zuen Schuchardtek, Theodor Linschmannen laguntzaz, eta ondoko izenburuarekin kaleratu zen: I. Leiçarragas Baskische Bücher von 1571 (Neues Testament, Kalender un Abc) heraugegeben von Th. Linschmann und H. Schuchardt. Liburuan Schuchardtek eginiko bi testu daude: batetik, hitzaurrea, eta bestetik, edizioa prestatzeko erabili ziren irizpideak azaltzen dituena.
Udalak, aldiz, oroigarri bat eman dio Euskaltzaindiari. Honela dio: "Vitoria-Gasteiz Udal Txit Gorenak, eta haren izenean Javier Maroto alkateak Euskaltzaindiari, euskara sustatzearen alde egin duen ibilbide luzea dela eta, hala nola udaletxe honetan Osoko bilkura egin izanagatik. Esker onez”.
Gasteizko Toponimia
Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua Gasteizko udalerriko toponimo guztiak sistematikoki jasotzea da, hots, galduta edota desitxuratuta dauden toponimo ugariak berreskuratzea. 1996an hartu zuen bere gain Euskaltzaindiak Gasteizko toponimia berreskuratzeko lana, urte berean Gasteizko Udalarekin izenpetutako lankidetza hitzarmenean jaso zenaren arabera. Patxi Salaberri euskaltzaina da egitasmoaren zuzendaria eta Elena Martinez de Madina teknikaria.
Gasteizko udalerriak hiria bera eta 64 herrixka hartzen ditu. 400.000 toponimo-erregistroz osaturiko datutegian oinarritzen da ikerketa, eta bi urtetik behin liburuki bat argitaratzen da “"Onomasticon Vasconiae" bilduman. Orain arte lau liburuki argitaratu dira: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria); Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza); Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria eta Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz.
Hurrengo helburua Gasteizko Toponimia V, Arratzua I/ Toponimia de Vitoria V, Arratzua I izeneko liburukia prestatu eta argitaratzea da. Ondo bidean, liburukia 2015ean aurkeztuko da.
Gasteizko Arratzua merindadeko herriak hauexek dira: Aberasturi, Andollu, Arkaia, Arkauti, Argandoña, Askartza, Betoñu, Bolibar, Zerio, Elorriaga, Gamiz, Ilarratza, Jungitu, Lubiano, Matauku, Oreitia, Otazu, Uribarri Arratzua, Uribarri Nagusia/ Ullibarri De Los Olleros eta Villafranca. Guztira, hogei herrik osatzen dute Arratzua, baina oraingoan sei baino ez dira aztertuko: Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazu. Gainerakoak aurrerantzean argitaratuko diren bi liburukitan bilduko dira. Hori dela eta, egitasmoaren fase honi Arratzua I izena jarri zaio. 2014an, beraz, sei herri horietako datuak aztertzen jarraituko da.
Bestalde, Gasteizko Udalak antolatuta eta honen eskariz, Gasteizko Toponimia IV, Langraitz argitalpenak aztertzen dituen herrietako biztanleei begira, lau hitzaldi emango ditu Euskaltzaindiak, egokien datozkien egunetan.
Horretaz gain, honako puntuak jaso dira hitzarmenean:
- Hizkuntza aholkularitza. Herritarrei zerbitzu egokia eskaini ahal izateko, udal zerbitzuetatik eskatzen zaion hizkuntza aholkularitza emango du Euskaltzaindiak. Argitalpenak.
- Arabari dagozkion gaiei buruzko argitalpenak sustatuko ditu Euskaltzaindiak. Euskaltzaindiak ematen jarraituko du hala herritarrek eskaturiko informazioa eta laguntza.
- Kultur hedapenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak eta abar bultzatuko ditu, eta horretarako behar diren erakunde eta elkarteekin arituko da elkarlanean.
Hitzarmen horren bitartez, 60.000 euroko diru-laguntza emango dio Gasteizko Udalak Euskaltzaindiari.