Xabier Errotaetxe Latxiondo euskaltzaleak Resurreccion Maria Azkueren Vizcaytik Bizkaira (1895) liburuaren dohaintza egin dio Euskaltzaindiari. Gaur, ekainaren 24an, Akademiaren egoitzan izan da, eta Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariari eman dio. Liburu horren berezitasuna hauxe da: Azkuek bere eskuz sinatu, eta Cleto de Alaña musikari eta Errotaetxeren birraitonari eskaini zion.
Cleto de Alaña (Bilbo, 1865 - 1939) biolin jotzailea izan zen. 1886an, berak sortutako Orfeoi Bilbotarrak Durangon egin zen lehiaketa irabazi ondoren -Pablo Pedro de Astarloa euskal hizkuntzalariaren omenez izan ziren Durangoko Euskal Jaietan izan zen- Bilboko Koral Elkartea sortu zuen.
Hainbat abesbatzaren zuzendaria izan zen, Bilbon bertan, besteak beste Euskalerria elkarteko abesbatzarena eta El Sitio elkartekoarena ere. Bilboko Kontserbatorioan irakasle aritu zen, eta Jesus Guridiri eskolak eman zizkion.
1885ean, Juan Crisostomo Arriagaren Kuartetoak obra lehenbiziko aldiz jo zen jendaurrean. Cleto de Alañak bigarren biolina jo zuen kontzertu horretan, eta berarekin batera Lope de Alaña lehengusua aritu zen, beste hiru musikarirekin batera.
2013an, Bilboko Udalak bi lehengusuak, Cleto eta Lope, omendu zituen, eta Casilda Iturrizar parkean plaka bat jarri zuen euren omenez.