Nafarroako Miranda Arga herriak aurten ere berritu eta indartu du orain dela urte batzuk hartu zuten konpromisoa. Inguru hartako zenbait herritan azken-aurreko hamarkadan indartsu nabaritzen hasi zen euskararekiko motibazioa, alegia, beren arbasoen hizkuntza izan zenaren sustatze aldera gazteek sortu zuten mugimendua.
Mugimendu hori indartzen joan zen, batik bat, Euskararen Lagunak kultura taldea hango herri batzuetan, hala nola, Mirandan, Larragan, Mendigorrian, Artaxoan, Berbintzanan, Faltzesen, Euskararen Egunak antolatzen hasi zen heinean.
2003. urtean, Bartolome de Carranza mirandar ospetsuaren V. mendeurrena zela eta, Mirandako Udalak ere bat egin zuen herrian garatzen ari zen mugimenduaren helburuekin. Gogoratzekoa da Udalak Euskaltzaindia gonbidatu zuela ospakizunetako programan partaide izatera. Bide batez, aipatzekoa ere bada, gonbit hari esker Miranda Arga izan dela Euskaltzaindiak ofizialki bisitatu duen Erriberriko merindadeko lehenbiziko udalerria. Bisita eta parte hartze haren harira antolatu zen ekitaldi publikoan, besteak beste, bertako bi hizlarik herrian bizirik dirauten euskararen lekukotasunak plazaratu zituzten. Martintxo Elkanok toponimian ageri direnak azaldu zituen: Argiñana, Armuga, Ataiarte, Berretemendia, Serola... gisakoak, eta Ismael Cuestak, berriz, Benjamin Elkano apez klaretiarrak bere garaian apaindutako Mirandako hiztegian bildutakoak: auzolan, ondarra, urzaia, zarata, etab.
Orduz geroztik, mirandarrak, Euskararen Lagunak elkartearen eskutik, hasierako ilusioa eta konpromisoa sendotuz joan dira. Horren lekuko dira urtero egiten dituzten Euskararen Egunak eta, bereziki, 2008an abian jarri eta aurten zazpigarren urtez jarraian antolatu duten “Erdialde” euskarazko idazlan laburren lehiaketa. Honetan, sei urtetik gorako guztiek, adinaren arabera hiru mailatan sailkatuak, izaten dute parte hartzeko aukera. Lehiaketa antolatzen hasi zirenetik Euskaltzaindiaren babesa eta laguntza izan dute eta Akademiak emandako liburu sortak ere urtero banatzen dira saria jasotzen dutenen artean. Pasa berri den maiatzaren 31n ospatutako Euskararen Egunean banatu ziren aurtengoak.
Nafarroako Euskararen Legearen arabera, “eremu ez euskalduna” izendatuan aurkitzen bada ere, azpimarratzekoa da, eredugarria delako, mirandarrek erakusten duten euskararekiko ilusioa, kemena, dinamika eta konpromisoa. Txalogarria eta zoriontzekoa benetan urtero-urtero, etengabe eta modu progresiboan, egiten ari diren lana.