Gaur, ekainaren 6an, Laneki elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Akademiaren egoitzan. Rikardo Lamadrid Lanekiko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute. Urrutiak azpimarratu duenez, “Lanekik egunerokotasunean sortzen dituen lanabes eta materialak, guztion erabilgarri bihurtzen dira hitzarmenaren bitartez".
Hitzarmen horren ondorioz, bi erakundeok elkarlanean arituko dira euskararen normalizaziorako eta euskal kulturaren zabalpenerako proposatzen diren egitasmoetan. Julen Elgeta Lanekiko diruzaina, Kepa Altube kudeatzailea, Maite Arozena koodinatzailea, eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere sinatze ekitaldian izan dira.
Laneki Lanbide Heziketan euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko elkartea da. Hetel eta Ikaslan elkarteek sortua, 2001. urtean, hauek dira bere helburuak: Lanbide Heziketarako materialak sortzea, euskaratzea eta erabiltzaileen eskura askotariko euskarrietan jartzea, bai eta hiztegi tekniko bat sortzea ere. Elkarteak 34.000 ikasle eta Lanbide Heziketako 79 ikastetxe publiko eta hitzarmendun batzen ditu, eta gaur egun D ereduan ikasten duten 8.000 bat ikasleengan eta 3.000 bat irakasleengan eragiten du.
Hala, euskarazko materiala publikoaren eskura jartzen du, bere webgunean. Bertan, 634 material euskaratuta daude eskura, eta material berria ere laster jarriko da, elkarteak sortzen duen heinean. Horrek guztiak sortzen duen corpusa glosario batean dago garatuta, hemen. Glosario horretan 8.894 kontzeptu, 18.041 termino eta 191.230 testu jasotzen dira.
Hainbat erakundek laguntza ematen diote Lanekiri bere zereginetan. Besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Buruntzaldeako eta Debagoieneko Mankomunitateko Udalak edota Irale.
Lexikoaren Behatokia eta Zientzia eta Teknika Hiztegia
Besteak beste, sinatu den hitzarmenaren ondorioz, Laneki elkarteak duen euskarazko testu-masa osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du, Akademiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokiaren corpusa aberasteko. Testu-masa hori Zientzia eta Teknika Hiztegia egitasmoa elikatzeko ere balia dezake Euskaltzaindiak.
Horiek horrela, Euskaltzaindiaren eta Lanekiren arteko hitzarmena sinatzea benetan pozgarria dela adierazi dute erakunde biotako presidenteek. Andres Urrutiak hauxe azpimarratu du: “Lanekik egunerokotasunean sortzen dituen lanabes eta materialak, guztion erabilgarri bihurtzen dira hitzarmenaren bitartez. Izan ere, Akademiaren corpusak aberastuko dituen materiala da, eta, euskaltzainburuaren esanetan, “corpus horien bitartez, gizarte osoari emango diogu bere lanaren berri. Horixe baita gure lanik inportanteena, egiten dugun lana gizarteratzea, eta lan hori, jakina, baliagarri eta onuragarria izan dadin gizarte osoarentzat”.
Rikardo Lamadridek ere elkarlanaren garrantzia azpimarratu, eta hitzarmenaren hiru ildo nagusiak zehaztu ditu: batetik, “euskara bera gizartera ateratzeko balio duela; bestetik, euskara eta Lanbide Heziketa batzeak esan nahi duela gizarteak baduela aukera euskaraz eman eta jasotzeko; eta hirugarrenik, Lanbide Heziketaren bidez, enpresa mundura hel gaitezke eta enpresa txikiak zein handiak euskaratzen lagundu”.
Besteak beste, sinatuko den hitzarmenaren ondorioz, Laneki elkarteak duen euskarazko testu-masa osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du, Akademiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokiaren corpusa aberasteko. Testu-masa hori Zientzia eta Teknika egitasmoa elikatzeko ere balia dezake Euskaltzaindiak. Horretaz, hain zuzen ere, mintzatu da gaur Xabier Kintana. Gogoan izan du Zientzia eta Teknika Hiztegia egitasmoa, euskara batuaren hiztegia zientziazko, teknologiazko eta jakintzako terminoez aberasteko asmoarekin sortu zuela Euskaltzaindiak. Akademiak, esan du, arloz arloko hitzak finkatzeko, hainbat terminoren artean egokiena aukeratzen du. “Horregatik -esan die Lanekiko kideei- benetan eskertzekoa da zuek egiten duzuen lana, eta gaur sinatzen dugun hitzarmenaren ondorioz, Euskaltzaindiak benetan oso etekin ona aterako dio”.
Beste ildo batzuk
Bestalde, hauek hauek dira hitzarmenaren beste ildo batzuk:
- Laneki elkarteak sortzen dituen materialetan, bai eta antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, eta bereziki hizkuntzaren jakiteari zein erabilerari dagokien prestakuntzan ere, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartu eta hauek zabaltzeko moduak landuko ditu.
- Elkarteak Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.
- Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute.
- Bi erakundeok euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute.
Helburu hauek lortzeko, Laneki elkarteak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du.