Ekainaren 1ean, Ander Manterola antropologo, ikertzaile eta ohorezko euskaltzaina omendu zuten Zeanurin, bere jaioterrian. Zeanuriko herriak eta parrokiak antolatutako omenaldi horretan, bere herriaren esker ona jaso zuen egindako lan guztiengatik.
Opari batzuk ere jaso zituen: herriko umeek parrokiako Andra Mariaren irudia eta Arratiako irudien liburua eman zizkioten, eta Udalak Vicente Larrea eskultoreak egindako burdinazko eskultura bat.
Ekitaldian hauek mintzatu ziren: Anton Erkoreka Etniker Bizkaia taldeko kidea; Jon Elorriaga Labayruren Euskal Bibliotekako liburuzaina; Adolfo Arejita Labayru ikastegiko zuzendari eta euskaltzain osoa; eta Izaskun Sagarna Zeanuriko alkatea. Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuaren gutuna ere irakurri zen ekitaldian.
Omenaldiari meza batekin eman zitzaion hasiera. Ander Manterolak berak eman zuen, alboan Anastasio Azkarai, Gaspar Martínez eta José María Kortazar parrokoa zituela. Meza amaitu ostean, omenduaren bizitza eta ibilbidea biltzen dituzten bideo bi erakutsi zituzten.