Datorren ostiralean, ekainaren 6an Laneki Lanbide Heziketan euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute Bilbon, Akademiaren egoitzan, goizeko 11:30ean. Rikarko Lamadrid Lanekiko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatuko dute.
Laneki Lanbide Heziketan euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko elkartea da. Hetel eta Ikaslan elkarteek sortua, 2001. urtean, hauek dira bere helburuak: Lanbide Heziketarako materialak sortzea, euskaratzea eta erabiltzaileen eskura askotariko euskarrietan jartzea, bai eta hiztegi tekniko bat sortzea ere. Elkarteak 34.000 ikasle eta Lanbide Heziketako 79 ikastetxe publiko eta hitzarmendun batzen ditu, eta gaur egun D ereduan ikasten duten 8.000 bat ikasleengan eta 3.000 bat irakasleengan eragiten du.
Hala, euskarazko materiala publikoaren eskura jartzen du, bere webgunean. Bertan, 634 material euskaratuta daude eskura, eta material berria ere laster jarriko da, elkarteak sortzen duen heinean. Horrek guztiak sortzen duen corpusa glosario batean dago garatuta, hemen. Glosario horretan 8.894 kontzeptu, 18.041 termino eta 191.230 testu jasotzen dira.
Horiek horrela, Lanekiren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana euskararen normalizaziorako eta euskal kulturaren zabalpenerako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da.
Besteak beste, sinatuko den hitzarmenaren ondorioz, Laneki elkarteak duen euskarazko testu-masa osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du, Akademiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokiaren corpusa aberasteko. Testu-masa hori Zientzia eta Teknika Hiztegia egitasmoa elikatzeko ere balia dezake Euskaltzaindiak.