Bihar, ekainaren 3an, Herria astekariak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute Baionan, Akademiaren ordezkaritzan. Astekariaren izenean Janbattitt Dirassar presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Hitzarmen horrek Herria astekariaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sustatzea du helburu, eta euskararen eta euskal kulturaren eremuan gauzatuko da.
Herria astekaria 1944an sortu zen, talde euskaltzale baten eskutik. Gehien bat Ipar Euskal Herriko gertakariak jorratzen ditu. Hego Euskal Herriko gertakari garrantzitsuei ere toki handia ematen zaie. Haatik, Herriaren berritasuna da herrietako berri xumeak aipatzea, berrogei bat berriketaritako sare bati esker. Erlijioak ere bere tokia dauka, asteroko kronika batekin.
Lexikoaren Behatokia
Besteren artean, bihar sinatuko den hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Herria aldizkariaren euskarazko testu-masa Akademiaren eskuetan jarriko da.
Lexikoaren Behatokiaren xedea honako hau da: corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua eraikitzea. Corpus monitoreak etengabe hazten dira, urtero testuak gehituz, hizkuntza denboran zehar nola aldatzen ari den ikusteko. Batez ere hiztegigintzan erabiltzen dira. Hazkunde horretan, testuak jasotzeko garaian, irizpide jakin batzuk erabiltzen dira, garai desberdinetako emaitzak konparagarriak izan daitezen.
Bada beste corpus mota bat, erreferentzia-corpusa deitzen dena. Erreferentzia corpusetan hizkuntzaren erabilera-mailek, generoek eta gaiek benetako erabileraren araberako pisua behar izaten dute eta oso handiak izaten dira, gutxienez 50 milioi hitzekoak.
Lexikoaren Behatokia corpus monitorea izan arren, erreferentzia-corpus bilakatzeko moduan lantzen da. Horretarako, testu guztiak katalogatzen dira eta ezaugarri batzuekin markatzen, etorkizuneko erreferentzia-corpusak behar duen oreka izan dezan. Aurten 43,4 milioi testu-hitz izango ditu eta urtean-urtean 8 milioi inguru hazten da.
Lan hori guztia egiteko, Euskaltzaindiak hitzarmenak sinatzen ditu, alderdi batetik, testuen hornitzaileekin, bereziki hedabideekin, eta, bestetik, corpusa lantzen duten hiru erakundeekin: Elhuyar, UZEI eta EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldearekin. Orain Euskaltzaindiak hitzarmen berria, eta garrantzitsua, sinatuko du, Herria aldizkariarekin, eta horrek Lexikoaren Behatokiari ekarpen aberatsa egingo dio.