Europar Parlamentuak behin baino gehiagotan altxatu du bere ahotsa Europako hizkuntzen alde, horiek, ofizialak izan zein izan ez, gure kontinentearen kultur ondarea osatzen dutelako. Bide berean iaz Euskaltzaindiari Europar Hiritarraren saria eman zitzaion, ia azken ehun urteotan gure Akademiak bertoko hizkuntzaren alde egiten diharduen lanagatik.
Baina horrelako sari sinbolikoaz gainera, europar erakunde horrek bere eguneroko praktikan ere jakin du euskara balioesten, eta horretara, Europar Parlamenturako ordezkariak aukeratzeko, maiatzaren 25eko hauteskunde-kanpaina euskaraz ere egitea erabaki du. Horretarako, Euskaltzaindira jo du, itzultzeko laguntza eske, eta horrelaxe bideratu dira informazio-iragarki guztiak.