Eako herriaren memoria kolektiboa jasotzea xede, Bizkaiko herri horretako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Jaso bakarrik ez, belaunaldien arteko transmisioa bermatu nahi du Udalak, eta horretarako Euskaltzaindiaren tutoretza akademikoa eskatu du. Akademiaren izenean, Euskararen Herri Hizkeren Atlaseko lantaldeak hartuko du ikerketa egiteko ardura, Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendaria buru duela.
Euskaltzaindiak 1983. urtean jarri zuen abian Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa. Hizkuntzaren aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira bereziki hizkuntza atlasak, eta hala da EHHAren kasuan ere. Emaitza askoz aberatsagoa da, baina: bi erakundeok sinatutako hitzarmenean jaso denez, "sasoi bateko euskal hiztunen bizimodua, bizitokia eta pentsaera azaltzeko agertokirik behinena, testigantzarik biziena da. Halaber, garai bateko euskararen lurralde guztietako euskal hiztunen kultur ondarea berreskuratzeko eta zabaltzeko habe eragingarriak ere bada".
Horiek horrela, Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasak, besteak beste, baserri eta itsas munduko ohituretan, lanbide zaharretan, jaietan, antzinako sinesmenetan, lagunarteko eta familiarteko harremanetan, emakumearen egoeran, ume jolasetan eta abarretan ageri diren hitzak aztertzen ditu.
Hain zuzen ere, Ea herriari dagokion ondare horren zatia bildu nahi du Udalak, besteren artean belaunaldiz belaunaldi transmititu ahal izateko. Esan bezala, tutoretza akademikoaren ardura Euskararen Herri Hizkeren Atlaseko lantaldeak hartuko du, eta bere irizpenak, bete beharrekoak izango dira. Lana 2014. urtearen bukaerarako amaituta egotea aurreikusi da.
Bestalde, Eako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetzan jardungo dute ikerketa honen emaitzak gizarteratzeko unean. Erakusketa bat antolatzea edota argitalpen bat egitea aztertuko dute .