Baionako Euskal Museoak Jean Haritschelhar omendu du. Euskal Museoaren Adiskideen Elkarteak argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki berria, eta berezia, plazaratu dute: oso-osorik Jean Haritschelhar zenari eskaini diote. Maiatzaren 3an aurkeztu zuten, Museoan egin zuten ekitaldian. Barkoxeko Etxahun elkarteak ere parte hartu zuen omenaldian, eta kanta batzuk abestu zituen.
Aldizkarian parte hartu duten egileak hor zeudela, Olivier Ribeton Museoko zuzendari izan zenak eta Michel Duvert aldizkaria argitaratzen duen Euskal Museoaren Adiskideen Elkarteko presidente izandakoak hartu zuten hitza. Barkotxeko Etxahun Elkarteko kantariak hauek izan ziren: Jean-Pierre Luro, Jean-Noël Pinque, Dominique Üthürriborde, Jean-Marie Harrichabalet eta Lucien Larriaus.
Maritxu Etchandy Euskal Museoaren Adiskideen Elkarteko presidenteak aldizkariaren aitzinsolasean idatzi bezala, Jean Haritschelhar "Euskal Museoaren zuzendari izan zen 26 urtez, 1964an Buletina birsortu zuen Museoaren Adiskideen Elkartea lagun. Argitalpenen buru izan zen 32 urtez, 1996 arte, gero Michel Duvert-en esku uzten zituela. Idatz komitearen kide izaten jarraitu zuen 1964tik hil arte, 49 urtez. Hortarako axola handia zuen, artetan bere hautuzko gai batzuk lantzen zituela, azkena 2012an, "Ados, jaunak, ados" erranaldiaz argitasunak emanez. Aldizkariaren argia eta gidaria izan zen zenbait hamarkadaz. Euskal Museoaren Adiskideen Elkarteak adiskide baino gehiago zuena galdu du, bere aita".
Hala, bada, Museoaren aldizkariaren zenbaki berezia landu eta argitaratu dute, Elkarteko kideek eskatuta. "Alde guzietarik beren burua eskaini duten kide horien esku-hartzea berez egin da, eta pozik. Heien ekarpenen irakurtzeak erakutsiko dizue zein gogotik, zein sendimendu sarkorrez gogoratzen dituzten haren oroitzapena, haren engaiamendua, haren lanak, eta zenbatetaraino markatu dituen ezagutu dutenak".
Aldizkarian parte hartu duten egileen zerrenda (PDF, 86,2 KB)