Datorren asteartean, maiatzaren 20an, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2014-2016 epealdirako hitzarmen-marko berria sinatuko dute Baionan, Akademiaren ordezkaritzan, arratsaldeko 15:00etan.
EEPren izenean Frantxua Maitia presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Ekitaldi berean 2014rako betebeharrak jasotzen dituen gehigarria ere izenpetuko dute.
2008. urteko urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak lehen hitzarmen-markoa izenpetu zuten, bi erakundeen arteko lankidetza garatzeko eta egituratzeko. Hitzarmen orokor horrek, Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren nondik norakoa zehazten zuen, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatzen. Bestalde, urtero, hitzarmen orokorrari lotutako urteko gehigarri bat izenpetu izan da, urteko lanak elkarrekin zehazteko.
Horiek horrela, bi erakundeok orain arteko bidea ontzat eman, eta hitzarmen-marko berria sinatzeko nahia agertu dute. Esan bezala, dokumentu berria 2016. urtera arte indarrean egongo da eta hilaren 20an sinatuko dute bi erakundeok. Era berean, 2014. urteko lankidetzaren zehaztasunak, bakoitzaren egitekoak, argitalpen programa eta diru-laguntza zehazten dituen eranskina izenpetuko dute.
Hitzarmenak bi erakundeen arteko lankidetzaren lerroak finkatzen ditu. Besteak beste, honakoak: Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herriari dagozkion argitalpenak kaleratuko dituela; EEPren proiektu deialdian, Ipar Euskal Herriko eragile pribatuek aurkeztutako argitalpen proiektuen hizkuntza-kalitatearen azterketa; euskarazko toponimoen grafia egokiari buruz, batez ere elkargoengandik Euskararen Erakunde Publikoak jasotzen dituen galderei erantzuteko, aholkuak ematea eta prestakuntzak antolatzea; edota Ikas pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapena.
Euskara batuaren alorrean egindako lana zabaldu
Bestalde, bi erakundeek Euskaltzaindiaren lana Ipar Euskal Herrian ezagutarazteko beharra ikusten dute. Horrekin batera, hizkuntza-kalitatea ere aintzat hartu behar delakoan daude. Hori dela-eta, bi aldeek hainbat ekimen jarriko dute abian.
Euskara batuari dagokion puntu bat jaso da ere hitzarmen-marko berrian: era didaktiko eta dibulgatiboan, hurrengo urteetan eta Ipar Euskal Herriari begira, Euskaltzaindiak euskara batuaren alorrean egindako lana zabaltzen eta hedatzen saiatuko dira Akademia eta EEP, teknologiak eskaintzen dituen bide berriak erabiliz.