Gaur, maiatzaren 20an, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2014-2016 epealdirako hitzarmen-marko berria sinatu dute Baionan, Akademiaren ordezkaritzan. EEPren izenean Frantxua Maitia presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Ekitaldi berean 2014rako betebeharrak jasotzen dituen gehigarria ere izenpetu dute.
2008. urteko urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak lehen hitzarmen-markoa izenpetu zuten, bi erakundeen arteko lankidetza garatzeko eta egituratzeko. Hitzarmen orokor horrek, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren nondik norakoa zehazten zuen, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatzen. Bestalde, urtero, hitzarmen orokorrari lotutako urteko gehigarri bat izenpetu izan da, urteko lanak elkarrekin zehazteko.
Horiek horrela, bi erakundeok orain arteko bidea ontzat eman, eta hitzarmen-marko berria sinatu dute bi erakundeok.
Hitzarmenak bi erakundeen arteko lankidetzaren lerroak finkatzen ditu. Besteak beste, honakoak: Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herriari dagozkion argitalpenak kaleratuko dituela; EEPren proiektu deialdian, Ipar Euskal Herriko eragile pribatuek aurkeztutako argitalpen proiektuen hizkuntza-kalitatearen azterketa; euskarazko toponimoen grafia egokiari buruz, batez ere elkargoengandik Euskararen Erakunde Publikoak jasotzen dituen galderei erantzuteko, aholkuak ematea eta prestakuntzak antolatzea; edota Ikas pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapena.
Euskara batuaren alorrean egindako lana zabaldu
Bestalde, bi erakundeek Euskaltzaindiaren lana Ipar Euskal Herrian ezagutarazteko beharra ikusten dute. Horrekin batera, hizkuntza-kalitatea ere aintzat hartu behar delakoan daude. Hori dela-eta, bi aldeek hainbat ekimen jarriko dute abian.
Euskara batuari dagokion puntu bat jaso da ere hitzarmen-marko berrian: era didaktiko eta dibulgatiboan, hurrengo urteetan eta Ipar Euskal Herriari begira, Euskaltzaindiak euskara batuaren alorrean egindako lana zabaltzen eta hedatzen saiatuko dira Akademia eta EEP, teknologiak eskaintzen dituen bide berriak erabiliz.
2014. urterako betebeharrak
Era berean, 2014. urteko lankidetzaren zehaztasunak, bakoitzaren egitekoak, argitalpen programa eta diru-laguntza zehazten dituen eranskina izenpetu dute.
Hauek dira 2014. urteari dagozkion ildo nagusiak:
- Euskaltzaindiaren argitalpen berriak: Mongongo Dassanzaren albaitaritza eskuidatziak. Egilea : Txomin Peillen; Bahnar deitu salbaiak. Egilea: Jean Elizalde "Zerbitzari". Paratzailea: Henri Duhau; Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les versions bilingues de 1873 à 1942 (W. Webster, J.-F. Cerquand, J. Barbier, R.M. Azkue). Egilea: Natalia Mikhaïlovna Zaïka. Bestalde, lan honen prestalana egingo da 2014an: Monseigneur Clément Mathieu. Egilea: Piarres Charritton
- Euskaltzaindiak EEPren eta Eusko Jaurlaritzaren Proiektu Deialdiko argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa egingo du
- Euskaltzaindiak aholku emango dio EEPri, toponimoen grafia egokiari buruzko gaietan Euskara teknikariei formakuntza ikastaro bat emango dio Euskaltzaindiak.
- IGNeko toponimoen normalizatze lanaren emaitzak publiko egingo dira. Alegia, IGNeko toponimoen arautze lanen berri emanen dute Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak.
- IKAS pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapena egingo da. Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2013an araberako prozedura egoki bat jarriko dute abian, IKAS pedagogia zentroarekin elkarlanean.
Comments
Uste dut bereizi behar direla obraren egilea eta edizioaren paratzailea. Adib., egilea Jean Elizalde "Zerbitzari" izango da eta paratzailea H. Duhau. Plazaberriko informazio honetan ez ezik, Euskaltzainak bilduman ere nire ustez ez da egoki bereizten egilea eta paratzailea, adib. B. Coyosen aurtengo edizioaren kanpoko azalean. Eta erraz konpon daiteke: adib., Coyos-en izenaren ondoan "(arg.)" jarrita. Bestela, egileari bere obraren egiletza ez zaio aitortzen edo jatorrizko egilearen ordez paratzailearen izena saldu nahi dugu. Eta hori bidegabea, nahasgarria eta kalterakoa da. Hori da nire iritzia. Barkatu gaizki esanak.