Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburua Erramun Baxok ohorezko euskaltzainak eta Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoak idatzi dute. Argitalpenak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza izan du.
Lan honetan Euskaltzaindiak 2010. urteko XV. Jagon Jardunaldien karietara hautatu zuen "Gazteak, aisialdia eta euskara" aztergaia zehazten da, Ipar Euskal Herria lan eremutzat hartuz. Ikerketa honen xede nagusia hauxe da: gaur egun Ipar Euskal Herriko gazteen euskarazko edo euskal kulturari lotuak diren aisialdiak zein diren aurkeztea. Euskaraz eta frantsesez idatzia. Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Jagon" bildumaren 15. zenbakia da.
Ipar Euskal Herriko gazteriaren argazkia egin ostean, ondorio batzuk atera zituzten egileek, horien artean: gazteria, elkarteak edota kirola eskuduntzan daukaten tokiko elkargoek beren gain har dezatela euskarari tokia ematea, aisialdi eremuetan, hizkuntza teknikarien bitartez; hizkuntza politika publikoak lagun ditzatela aisialdiak euskalduntzen diharduten eragileak eta molde berezian eragin handia duten egiturak: Uda Leku, euskal hedabideak, kirol elkarteak, festibalak. Aisialdia euskalduntzeko, gazteengan arrakasta handia duten baliabideek, bereziki zinemak eta joko elektronikoak, oso eraginkorrak direlakoan daude, beraz, horiek ere sustatu beharko lirateke.