Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Egilea Agurtzane Azpeitia da. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 29. zenbakia da, Mondragon Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratua.
Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak, 2010ean, Agurtzane Azpeitiak aurkeztutako tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da. Tesi horren helburua hau zen: Koldo Mitxelenak bere diskurtsoa modu komunikagarri batean atontzeko darabiltzan zenbait diskurtso-baliabide edo estrategia aztertzea: “egitura parentetikoak”, edota zenbait autorek “intziso” edo “tarteki” izendatu izan dituztenak, hain zuzen. Agurtzane Azpeitiaren hitzetan, “esatariak norentzakoari, edo mezua irakurtzean buruan zuen irakurle potentzialari, egiten dizkion keinuak dira enuntziatu parentetikoak, testutik bertatik mezuaren interpretazioa (nora)bideratu eta gidatzeko erabiltzen dituenak”.