Atzo, apirilaren 29an, egin zen Ipar Euskal Herriko euskaltzainen urteko bilkura, Baionako ordezkaritzan. Bilera hau urtero egiten da, Frantziako Estatuko Elkarte-legeak dioena betez, eta Iparraldeko euskaltzainek -oso, ohorezko eta urgazleek- parte hartzen dute. Iparraldeko euskaltzainez gain, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako kideak izan ziren.
Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiera eman zion bilerari. Ondoren, 2013ko ekitaldien txostena aurkeztu zuen Xarles Videgain Iparraldeko ordezkariak, baita Iparraldeko berariazko egitasmo eta argitalpenena ere. Bestalde, Joseba Zabaleta kudeatzaileak 2013ko kontuen txostena eta 2014ko aurrekontua aurkeztu zituen. Azkenik, 2013. urteari dagokion aditegi txostena ere aurkeztu zen.
Txosten guztiak aho batez onartu ziren.