Atzo, apirilaren 9an, Pello Salaburu hizkuntzalari eta euskaltzain osoak Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen Errateko nituenak. Cuzcoko kronika liburua aurkeztu zuen Donostian. Egilearen hitzetan, "inoiz ere eskribitu dudan liburu pertsonalena da hau".
Anjel Lertxundi idazlea eta Inazio Mujika editorea ondoan zituela, Pello Salaburuk azaldu zituen liburuaren ingurukoak. 2012ko udazkenean lan bidaia bat egin behar izan zuen Cuzcora, eta hori da lan honen abiapuntua, edota aitzakia: "Nola bakarrik ibiltzen nintzen maiz kara hango karriken artean, Cuzcora egin nuen bidaiaren artekek hainbertze oroitzapen ekarri zizkidaten gogora, nire bizitza lanbrotuan zehar zinez edo ustez gertatuak, eta horiek guziak mantso-mantso paper mutur batean paratzen hasi nintzen”.
Esan zuenez, "liburuan badira datu autobiografikoak, baina ez da autobiografia bat, inondik ere; liburuan egiazko historioak narratu ditut, fikzionatuz, historioak ia-ia istorio bihurturik, baina ez da nobela bat; liburuan hausnarketak egiten ditut, han-hemenka, baina ez da saiakera liburua; bidaiak ageri dira, baina ez da bidaia liburua ere. Puzzle bat da liburua".
"Gazte atera nintzen etxetik -gaineratu zuen- hamar urte baizik ez nituen, eta kolkoan sartu nituen, isil-isilik, garai hartako historiak. Denboraren indarrak ekarri dituen bertze batzuekin nahasi zaizkit azkenean. Orain orrialde hauetan atera dira horietako batzuk".
Comments
Cuscon nago ni aspaldi honetan, bai eta puska baterako ere, eta, gauzak diren bezala, liburu honen aurkezpenaren berriaren aurrean, bertan -oraingoz egunkari, aldizkari eta webgune batzutako aipamenetatik baizik ezagutzen ez badut ere- jorratzen eta harrotzen omen diren "nahas-mahaseki n" (zentzurik hoberenean diot) guztiz identifikatzen naiz...
Hemengo karriketatik ibiltzean gogora etortzen zaizkidanak, Euskal Herritik hona, eta hemendik Euskal Herrira...
Hemengo lekuak, bazterrak eta txokoak neure buruan baino ez bada ere euskaraz bataiatzeko, ulertzeko, izendatzeko ahaleginak ("Maruri" kaleak laguntzen nau, noski; edo "Ama Lur" izeneko tabernak, gaurregungo jabeek batere zentzurik somatzen ez diotena ("Pachamama" bezain kontzeptu faltsuki kristauaurrekoa , gure "Ama Lur" hori ere...).
Euskalduna naiz ni Cuscon. Cuscoko neska batekin ezkondu eta orain bi seme euskaldun-cusco tar dituena... Cusco honetako Euskal Herri txikia gara gu, etxekook, seme nagusiari tarteka esaten diodan bezala.
Ez dut Salabururen liburua irakurri (oraindik), baina, nire ulertu nahietan, nire hemengo ibili beharretan, nire ibili nahietan, ohiko turismotik urrundu eta, "nola kosuti" ihesi ibili nahi honetan, euskaldunaren transposizio etsian kitxuan bilatzen dudan (eta aurkitzen ez dudan) arnasa... egiaz esaten dizuet solaskideak behar ditudala batzutan (askotan), bakarrizketatik aterako nauenik... Txalo nahiz kuku joko didanik...
Euskaldun gisa hitzegin beharra sentitzen dut, eta... gauzak diren bezala, oso aspergarria natzaio ni neu neure buruari solaskide gisa, beti bera eta ez oso pizgarria!
Ongi etorri nire bidera, nire solasetara, nire galdera eta nire erantzunetara Salabururen liburua. Ongi etorri Cuscoko euskaldun baten etxera!
Qusqumanta, Waskuwasimanta, alillanchu, añay!!
Qusqu-tik, Euskaldun baten etxetik, goraintzi zuri eta eskerrik asko!!