Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 28. zenbakia da, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu zen.
Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan izeneko lana, Jakaren doktore tesiaren emaitza da. Tesi horren helburua Joseba Sarrionandiaren itzulpen-lanak aztertzea eta itzulpenak haren obran izandako eragina ezagutaraztea izan zen. Izan ere, Sarrionandia batez ere idazle gisa ezagutzen den arren, ugariak eta askotarikoak dira hark euskaratutako testuak. Gainera, maiz plazaratu izan ditu itzulpengintzari buruzko gogoetak.
Euskaratutako lan horiek eta itzulpengintzaren gainean diharduten gogoeta horiek aztertuz, Sarrionandia itzultzaile postmoderno gisa definitzen du Aiora Jakak bere tesian.