Gaur, martxoaren 20an, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak bost urteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmena sinatu dute, Bilbon, Akademiaren egoitzan. Sabino Arana Fundazioaren izenean Juan Maria Atutxa presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Haiekin batera, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Irune Zuluaga Fundazioko zuzendaria izan dira.
Erakunde biotako buruen hitzetan, hitzarmena sinatzea "ohorea" da. Hala, Juan Maria Atutxak esan duenez, "gure borondatea erakutsi nahi dugu honela, euskararen alde ahalegin guztiak egingo ditugu-eta". Andres Urrutiaren esanetan, aldiz, "lanerako sinatzen dugu. Gai zehatzak ditugu esku artean, lan arloak zehaztuta daude eta, ororen gainetik, euskararen aldeko apustua da gurea. Bestalde, fruituak laster ikusiko dira, eta euskal gizarte osoarentzat izango dira".
Hitzarmen horrek Sabino Arana Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu. Bi erakundeon arteko lankidetza euskararen normalizaziorako eta euskal kulturaren zabalpenerako proposatuko diren egitasmoen inguruan gauzatuko da.
Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Sabino Arana Fundazioak argitaraturiko euskarazko testu-masa osoa Akademiaren eskuetan jarriko du. Egitasmo hori UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin egiten ari da Akademia.
Hauek dira hitzarmenaren ildoetako batzuk:
- Sabino Arana Fundazioak Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.
- Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute.
- Bi erakundeek euskararen jakitean, erabilera zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute.
Helburu hauek lortzeko, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak lau kideko Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena.
Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren arteko harremana aspaldikoa da, eta hainbat eginkizunetan gauzatu da. Hala, bada, batera antolatu zuten azken ekitaldia otsailean egindako mintegia da, "Desagertzeko arriskua duten europar hizkuntzez eta hizkuntza-aniztasuna Europar Batasunean" izenburukoa.