Atzo, 2014ko martxoaren 12an, Jose Antonio Retolaza Kili-kili pertsonaiaren eta izen bereko aldizkariaren sortzaile, euskararen aldeko ekintzaile eta ohorezko euskaltzaina hil zen Bilbon, 84 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna gaur, martxoaren 13an, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Bilbon, Abandoko Done Bikendi parrokian.
Jose Antonio Retolaza Ibarguengoitia Bilbon jaio zen, 1929ko ekainaren 6an. Gerra garaian Muxikara joan zen bizitzera.
1957an Teologia ikasketak amaitu zituen Gasteizen eta Atxondo araneko Arrazolara joan zen, abade. Bertan, 1959ko ekainaren 21ean berak eman zuen Euskal Herrian -eta munduan- izan zen lehen meza euskaraz. 2002an, elizaren sarreran, harri bat jarri zen, ekintza horren oroigarri.
Bilboko Merkataritza Eskolan Merkataritza-Peritajea ere egin zuen.
1958an Jaime Kerexetak animatuta, Jesukristo-ren Barri Ona idatzi zuen. 1962an, berriro Kerexetak bultzatuta, Eguneroko Meza publikatu zuen.
1963an, Arrazolako parroko eta Elorrion Funcor ikastetxeko zuzendari zela, euskara irakasten zuelako, alkateak salatu zuen eta gobernadoreak eta gotzainak bota egin zuten handik.
1964an Madrilera joan zen, Psikopedagogia ikastera. 1975ean lizentziatu zen.
“Euskal Mezea” sortu zuen Bilbon. Horren ostean, ume eta gaztetxoak elkarturik, doktrina irakasten zien. Horrela sortu zen San Antoneko Euskal Katekesia.
Kiki-Kili-ren jaiotza
1966an, Euskal Katekesi horren babespean, Kili-Kili euskal pertsonaia sortu zuen, ume eta gaztetxoen bihotzetan euskal kontzientzia sortzeko asmoz. Umeen euskararen egoera ikusita sortu zuen Kili-Kili Jose Antonio Retolazak, 1966ko apirilaren 17an, eta horren ondorioz izen bereko aldizkaria etorri zen, pertsonaia umeengana iristeko balio zuelakoan. Arrazoi ugari aurkitu zituen Retolazak Kili-Kili izena hautatzeko: hasteko, hitza bera irri-hitza zen eta umeen belarrientzako oso aproposa, bai ikasteko bai eta haurren algarak eta barreak sortzeko ere; bestetik, hitzaren esanahiak susmorik ez zuela sorraraziko uste zuen, lasaitasunean lan egiteko aukera emanez.
Hasieran aldizkaria Bizkaiko umeen artean zabaltzen zen, eskuz esku eta dohainik, baina handik bi urtera 2.000 aleko tirada zuen aldizkariak. Bosgarren alean, dei bat egin zien irakurleei euskaraz idatz ziezaioten eta erantzun ugari jazo zuen. Baina orduan, umeen idazkera ikusita, Retolazak ume euskaldunen alfabetatzeko premia ikusi zuen eta, 1967an, “Kili-Kili Sariketa Nagusia” sortu zuen, alfabetatzeko tresna bezala.
1967an, doktrina-irakasleentzat, Umeen Len jaunartzerako gerta bidea idatzi eta argitara eman zuen. Urte horretan Iparragirre Bizitza. 1820-1881 eta Ipuinak izeneko liburuak ere kaleratu zituen.
1968an, agintariek aldizkaria debekatu egin zuten. Alfabetatze lanetan buru-belarri sartu zen orduan Retolaza.
1969an, “Kili-Kili, Teilatu bako ikastola” martxan zen. Urrunetik urrunerako ikastaroak ematen zituen, hiru maila ezberdinetan. Lehenengo mailarako Lan ta Lan izeneko koadernoak asmatu zituen. Lander Gallastegi arkitektoak egin zituen koaderno horretarako marrazkiak. Bizkaieraz, gipuzkeraz eta lapurteraz argitaratu zituen.
1975ean, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Bestetik, 2000ko urriaren 27an, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Akademiak.
1977an, egoera politikoa aldatzerakoan, Kili-Kili aldizkaria berriro kaleratu zen eta lehenengo "Kili-Kili Eguna" ospatu zen, Bilbon.
Beste ekintza batzuk sortu ziren aurrerantzean: Kili-Irratia, Kili-Jaiak, Kili-Txorta (argitalpenak), Kili-Ibilaldiak...
1989tik 1993ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen.
Sariak, omenaldiak:
- 1980an omenaldia egin zioten, Kili-Kiliren izenean, Bilboko Uribarriko gazteek eratutako “24 ordutan” izeneko jaialdian
- 1993an, Labayru ikastegiak omendu zuen.
- HABEK ere omendu zuen urte berean, 1993an, alegia.
- 1995ean, Muxikako herriak omendu zuen.
- 1996an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretatzaileen Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.
Argitaratutako lan nagusiak:
- Iparragirre, Bizitza. 1820-1881. 1967
- Ipuinak. 1967
- Arrotz ipuinak 2, 1987
- Arrotz ipuinak 3, 1988
- Umeen len jaunartze gerta bidea. 1967
- Ume euskaldunen alfabetatzea. 1977