Larunbatean, otsailaren 15ean, Maule-Lextarreko Herriko Etxean, Jean-Baptiste Coyos euskaltzainak Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri liburua aurkeztu du. Mixel Etxebest Mauleko aüzapezaren harrera hitzen ondotik, Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu du nola Euskaltzaindiak lotura hertsiak dituen Zuberoarekin.
Liburuak Gure Herria aldizkarian 1924tik 1939ra argitaratu ziren zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri bilduma bat eskaintzen du, oro har hogeita hamar testu.
Zuberotar literatura pastoral testuen eta kantuengatik ezaguna da, nagusiki. Bilduma horrek erakusten du narrazio, ipuin edo alegia idazteko luma trebeak bazirela Zuberoan orduan, umore onea txertatuz gainera.
Liburuaren aurkezpenaren ondotik, Maddi Oihenart kantariak, Marcel Bedaxagar kazetariak eta Pier Pol Berzaitz kantari eta pastoral idazleak testu bat banaka irakurri dute. Bururatzeko, Berzaitzen gidaritzapean, denek elgarrekin Pierre Lanouguèreren (Pette Chibero) 1931ko Biesadün alegia kantatu dute.
Liburua Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 22. zenbakia da.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.