Anjel Lertxundi eta Kirmen Uribe aritu ziren atzo, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbo Zaharra Forumak Harri eta herri liburuaz, eta oro har Gabriel Arestiren lanaz, antolatu dituen jardunaldietan. Jardunaldiok ikasturte osoan zehar burutuko dira.
Hurrengo saioa gaur, otsailaren 12an, izango da, iluntzeko 19:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan. Jon Juaristik eta Karmelo Landak euren ikuspuntuak emango dituzte.
Bilbo Zaharra Forumak azpimarratzen duen bezala, Juaristik "harreman zuzena izan zuen Arestirekin, zeinak, hil aurretik, bere poesia guztiaren argitalpenaren arduradun izendatu zuen". Bestalde, Karmelo Landak "Arestiren jarraitzaile eta haren obraren ikertzaile. Sakona aztertua du, besteak beste, Arestik 1960 eta 1961 urteetan idatzi zuen Zuzenbide Debekatua poema liburua".