Uribe kostako herri honen izen ofiziala Sopela da, atzo, urtarrilaren 29an, Bizkaiko Batzar Nagusiek Sopela izenari ofizialtasuna ematea onartu eta gero. BOEen argitaratzea da izen aldaketa amaituta egoteko falta den pauso bakarra.
Sopelako Udalak gogora ekarri duenez, udalerriko izen ofiziala aldatzea prozesu luzea izan da. Euskaltzaindiak hainbat aldiz adierazi du Sopela izan behar dela udalerriaren izen ofiziala, eta hala jasotzen du Akademiaren 145. arauak, Bizkaiko Herri Izendegia izena daramana.
Akademiaren azken txostena 2012koa da, Udalak eskatuta. Harrezkero, 2013ko urtarrilean egindako Udalaren Euskara, Hezkuntza eta Kultura batzordean, Euskaltzaindiak izenari buruzko argibideak eman zituen. Hilabete geroago, 2013ko otsailaren 28an eginiko osoko bilkuran, udalerria Sopela deitzeko prozesua abian jartzea erabaki zuen Udalak.
Ondoren, akordioa Bizkaiko Batzar Nagusietara bidali eta bertako Batzorde Instituzionalak izen aldaketaren aldeko irizpena eman zuen 2013. urteko abenduaren 3an. Eta atzo, 2014ko urtarrilaren 29an, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu zuten aldaketa.