Datorren ostiralean, urtarrilaren 31n, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du Bilbon, egoitzan, 12:30ean, Karmele Rotaetxe ohorezko euskaltzaina omentzeko.
Hau izango da egitaraua:
- Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
- Xabier Altzibar euskaltzain urgazleak Karmele Rotaetxe ohorezko euskaltzainaren omenezko hilberri txostena irakurriko du
Karmele Rotaetxe hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzainak ibilbide luzea izan zuen euskararen morfologia eta sintaxia aztertzen. Europako hizkuntzen egoera ere aztertu zuen.
Bilbon jaio zen, 1932ko urtarrilaren 17an. Umea zela, eta Espainiako Gerraren ondorioz, familia Frantziara erbesteratu zen. 1967an, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Hamar urte geroago, 1977an, “Estudio estructural del euskera en Ondarroa” izeneko tesiari esker -Koldo Mitxelenak zuzendua- lortu zuen Doktoretza, Salamancako Unibertsitatean.
1977tik aurrera, euskara klaseak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Gero, Leioako Kazetaritza Fakultatean lan egin zuen, euskara eskoletako koordinatzaile moduan. 1978an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek, Frantses eta Hizkuntzalaritza Sailaren arduradun gisa. 1986an, Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra eskuratu zuen.
2001. urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua zen.
Ohorezko euskaltzaina, 2004an izendatua. Euskaltzaindiko Gramatika batzordekidea zen, martxan jarri zenetik. Bestalde, EGLU liburuetan parte hartu zuen hasieratik. Sustapen batzordeko aholkulari ere izan zen.