Datorren ostiralean, abenduaren 20an, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du Baionan, Herriko Etxean, arratsaldeko 15:00etan, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia omentzeko.
Hau izango da egitaraua:
- Jean-René Etchegaray Baionako Udalaren lehen auzapezordearen mintzaldia
- Andres Urrutia euskaltzainburuaren mintzaldia
- Beñat Oihartzabal euskaltzainak Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren omenezko hilberri txostena irakurriko du
Jean Haritschelhar Duhalde Baigorrin jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an eta Biarritzen hil zen, 2013ko irailaren 1ean.
Idazlea, euskaltzalea, euskaltzaina, hogeita lau urtez euskaltzainburuorde eta hamasei urtez euskaltzainburu izan zen. Haren bibliografia akademikoa oso zabala izanik, Pierre Topet Etxahun koplagileaz egindako ikerketa azpimarratu behar da, duen garrantziagatik.
Era berean, Euskaltzainditik eta unibertsitatetik at egindako lanak ere gogoan izan behar dira, hala nola, Herria aldizkariko kolaborazioak, Baionako Euskal Museoan ateratakoak edo euskararen alde egindako beste zenbait.