Abenduaren 13an, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak Literaturaren Historiografia. II. Jardunaldiak antolatu zituen. Batzordea Antologia bat osatzen ari da, eta bigarren jardunaldi horien helburua Antologian periodizazioa nola zehaztu argitzea zen, besteak beste; horretarako, hainbat adituren ekarpenak jasotzea egoki ikusi zen.
Hortaz, aldikatzea edo periodizazioa izan genuen aztergai, eta zehazki, honako bi eztabaida-lerro hauen inguruan aritu ginen:
1) XVII-XVIII-XIX. mendeko aldikatzea. Mende horien periodizazioen aplikazioak izan genituen aipagai, eta zenbait auzi edo gune itsu identifikatzeko saioak egin ziren.
2) Aldikatzearen inguruko ekarpen teorikoak. Eztabaida-lerro honetan aldikatzea jorratzeko kontzeptu teorikoak eta hausnarketa metodologikoak izan genituen aipagai.
Periodizazioaren inguruko gogoeta horietan guztietan euskal literatura (euskarazko literatura) izan zen abiapuntu, horixe baita Antologia osatzeko harturiko irizpide nagusia. Horretarako, bost parte-hartzaileek txostenak aurkeztu zituzten, eta ondotik, eztabaidarako tarte luzea zabaldu zen.
Txosten horiek guztiak 2014. urteko Euskera-n argitaratuko dira. Solasaldi eta eztabaida horietan jorratu ziren oraindik ere bizi-bizi diren kezka historiografikoak: zer irizpide erabili euskal literaturaren aldiak zedarritzeko? Nola uztartu historia orokorraren aldiak eta literaturaren ibilbidearen aldiak? Euskal literaturaren historia batek nola heldu behar dio egoera diglosikoaren kontaketari?
Hona hemen aurkezturiko txosten horiek:
- Ana Toledo, “Euskal literatura aldizkatuz: non dago eredua?”
- Lourdes Otaegi, "Antologia poetikoak eta historiografia. Euskal literaturaren aldizkapena eta kanonaren eraketa".
- Jon Casenave: “Periodizazioa eta eremu kulturalaren eragina: iparraldeko eta hegoaldeko eredu historiografikoen konparaketa”.
- Josu Bijuesca: “Euskara eta vascuence hitzen adiera metriko-poetikoaz: katebegi ostenduak, aroen mitoak eta aldizkatze irizpideak euskal literaturaren historian”
- Joseba Gabilondo: "Literatur historia postnazionala: mende-genero-belaunaldi-autore zatiketaren ideologia filologiko hilaren ondoko historiografiaz”.