Arabako Foru Aldundiak abiatutako "badu bada" kultura programa zabalaren barruan, abenduaren 16an, goizeko 12etan, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean Aiarako toponimia nagusia / Toponimia mayor de Ayala izeneko liburuaren aurkezpena izango da.
Bertan Arabako Kultura Diputatu Iciar Lamarainek, Andres Urrutia euskaltzainburuak, liburuari hitzaurrea egin dion Andres Iñigo euskaltzainak eta, egileen izenean, Patxi Galé euskaltzain urgazleak hartuko dute parte. Patxi Galék Mikel Gorrotxategirekin eta Felix Mugurutzarekin batera egin du liburua. Lanaren hasierako sustatzailea Aiarako Udala zen, eta azkenik, Arabako Foru Aldundiari eta Euskaltzaindiari esker ikusiko du argia.
Liburua Euskaltzaindiaren Onomastika gaietako "Izenak" bildumaren hirugarren alea izango da eta, tituluak aditzera ematen duen gisara, Aiara udalerriko toponimia nagusia du gai nagusia. Liburuak dituen 362 orrialdeetan zehar Euskaltzandiko Onomastika batzordeko kide diren Patxi Gale, Mikel Gorrotxategi eta Felix Mugurutza egileek udalerri zabal horretako kontzeju historiko eta auzo nagusien izenak birpasatzen dituzte, leku horien deskribapena ez ezik, izenen jatorriaz, historiaz eta normalizazioaz ere zenbait iruzkin eginda. Azkenik, eskualdeko mendi toponimiari buruzko kapitulu batez osatua dator argitalpena.