Datorren ostegunean, abenduaren 12an, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren V. liburukia aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Liburuki berriak euskararen morfologia jorratzen du, izenaren morfologia zehazki. Liburuarekin batera, CD bat argitaratu da.
Aurreko laurak bezala, EHHA-ren bosgarren liburukia Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Akademiak.
Aurkezpena goizeko 10:30ean izango da, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Honako hauek egingo dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Ana Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak; Pello Ugalde Laboral Kutxako Lurralde zuzendariak; Adolfo Arejita EHHA-ren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain egitasmoaren arduradun teknikoak.
1983an onartutako egitasmoa
Hizkuntzaren ahozko aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira hizkuntza atlasak. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu, bai eta kultur ondarea berreskuratzea eta zabaltzea ere. Euskaltzaindiak 1983an onartu zuen egitasmo hau.
Galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu ondoren, 1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten. 145 herri hautatu ziren galdeketarako: 36 bana Bizkaian eta Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 18 Nafarroa Beherean, 15 Lapurdin, 12 Zuberoan eta 1 Araban. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira.