Euskal Herriko kultura izaten ari da protagonista, egunotan egiten ari den Valonia-Bruselako “Fenêtre Ouverte” jaialdian. Aurtengo egitaraua Etxepare Euskal Institutua eta Fédération des Jeunesses Musicales Wallonie-Bruxelles erakundeek prestatu dute, elkarlanean. Euskaltzaindia ere han izango da, eta datorren ostegunean, azaroaren 28an, euskaltzainburuak parte hartuko du Bruselan, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzan egingo den mahai-inguruan.
Hainbat erakundek lagundu dute egitaraua prestatzen. Hauek izan dira: Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, UPV-EHUko Mikel Laboa Katedra, Euskadiko Filmategia, Euskal Kultur Erakundea, Donostia 2016 eta Euskaltzaindia.
Aurtengo “Fenêtre Ouverte” jaialdiaren helburu nagusia euskal kulturaren aniztasuna eta adierazpen artistikoak ezagutzera ematea da. Hala, besteak beste, euskal musika, dantza, erakusketak, literatura, hitzaldiak eta euskaraz egindako filmez osatu da programa.
Ostegunean egingo den mahai-inguru horretan, “Euskara eta Corpus Planning-a: Euskaltzaindiaren Lana (1918-2013)” izeneko hitzaldia emango du Andres Urrutiak. Ekitaldi berean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak “La langue Basque en Europe. Politiques linguistiques” hitzaldia emango du. Izaskun Bilbao eta François Alfonsi eurodiputatuek ere hitza hartuko dute. Amaieran, Cyrus Suttonen Homeland dokumentala ikusi ahal izango da.
Bestalde, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Aurelia Arkotxa idazle eta euskaltzainak euskal literaturari buruzko hitzaldia emango du Point Culture gunean. Streaming bidez zabalduko da.
Egitarau osoa ikusteko sakatu hemen.