Gaur, ekainaren 13an, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Eusko Ikaskuntzaren izenean Iñaki Dorronsoro lehendakariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Rosa Miren Pagola Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea ere izan dira ekitaldian.
“Lan egiteko tresna”. Horixe da, Andres Urrutiaren esanetan, gaur sinatu den hitzarmena. “Bi erakundeon arteko adostasun bat, aurrerantzean elkarrekin proiektuak garatzeko borondatea” adierazten duen dokumentua da, gaineratu du Iñaki Dorronsorok. Funtsean, eta hala adierazi du beren-beregi euskaltzainburuak, “egun pozgarria da. Pozgarria, hitzarmenak egonkortasun bat ematen digulako. Eta elkarlanean aritzeko gogoa badugula esan nahi duelako”.
Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak, erakunde bakoitzaren izaera eta helburuen barnean, bien arteko lankidetza proiektuak sustatu eta garatu nahi dituzte euskal hizkuntzaren eta kulturaren esparruan. Testuinguru horretan, elkarrekin ikerketak gauzatu nahi dituzte hizkuntza eta kultura izaerako gaietan, bai eta hizkuntzaren, kulturaren eta gizartearen arteko harremanak sendotzea xedetzat duten egitarauen inguruan ere.
Horiek horrela, bi erakundeon arteko lankidetza euskal hizkuntzaren eta kulturaren eremuan gauzatuko da, bai eta hizkuntzaren, kulturaren eta gizartearen arteko harremanak sendotzea xedetzat duten egitarauen inguruabarrean ere.
Ildo nagusiak
Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatikari, lexikoari, ortografiari, onomastikari eta euskalkiei buruzko kontsultak eta iradokizunak. Bi aldeek finkatuko dituzte kontsulta eta iradokizun horiek bideratzeko mekanismoak. Aipatutako eremuetan sortzen diren hutsune eta beharrak jaso eta Euskaltzaindiari jakinaraziko dizkio Eusko Ikaskuntzak.
- Bi erakundeok elkarri beren ikerketa-funtsen ondarea erabiltzeko aukera eskaintzen diote, bai eta, bereziki, beren artxibo eta bibliotekak ere. Gainera, beren argitalpenak elkarrekin trukatzeko mekanismo egokiak ezarriko dituzte, horrela zeinek bere bibliotekako euskal gaien funtsak sendotu eta osatu ahal izateko.
- Argitalpenei dagokienez, euskararen eta euskal kulturaren inguruan sorturiko testuak ezagutarazteko ahaleginak egingo dituzte eta elkarrekiko lana bultzatuko da, biek batera eginiko argitalpenei laguntza emanez. Inguruabar horretan, ikerkuntzarako interesgarri gerta daitezkeen lan batzuk, aurretik horiek argitaratzea pentsatu ez arren –adibidez tesiak edo bestelako obrak– beste aldearen esku utziko dira, beti ere egileen eskubideak errespetatuz, behin berorien baimena lortu eta gero.
- Erakunde biek lankidetasun-politika bultzatuko dute, ikastaroak, mintegiak, kongresuak eta sinposioak elkarrekin antolatuz eta gauzatuz.
- Erakunde biek erraztasunak emango dizkiote elkarri egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.
Helburu hauek lortzeko, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko hiruna kide izango dituena. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du.
Comments