Euskaltzaindiak garatzen duen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa iker egitasmoaren argitalpena saritua gertatu da “Instituto Bibliográphico Manuel de Larramendi” 2012. urtean eratu zuen Argitaratze-kalitatearen “Juan de Yciar” Sariaren barruan, urte horretan argitara eman duen EHHA bildumaren IV. liburukiaren argitalpena dela eta.
Igaro den apirilaren 26an bildu zen Durangon sariketa hau erabaki behar zuen epai-mahaia: Francisco J. Lopez Lardatxe, Kirmen Uribe eta Miguel Zugazak osatua. Eta sari-ematea, ekain honen 11n gauzatu da, Donostian Koldo Mitxelena Kulturunean egin den jendaurreko ekitaldian. Lau alor edo modalitatetan eman dira sariok: Artea, Haur eta gazte literatura, Lan orokorrak eta Dibulgaziokoak. Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren IV. liburua lan orokorren sailean gertatu da irabazle.
Sari bikoitza izan da: argitaratzailea, Euskaltzaindia, eta inprimatzailea, MCC graphics. Adolfo Arejita, EHHA egitasmoaren zuzendari akademikoa eta aipatu inprimategiaren ordezkariek jaso dituzte sari agiriak. “Manuel de Larramendi” bibliografía Institutoaren burua, Leopoldo Zugaza jauna, izan da sarion banatzailea.
Gainerako modalitateetan beste hauek izan dira sarituak: arte alorrean, Rekalde-Bizkaikoa erakusgelaren Luis Candaulap liburua; haur eta gazte alorrean, Nerea argitaletxearen Eguberria liburua, eta dibulgazio alorrean, Donostiako Untzi Museoaren Euskal baleazaleak / Balleneros vascos liburua.