"Bostak Bat" taldearen Adorez Hiztegiak - 5000 Hiztegia (euskara-gaztelania, gaztelania-euskara) Azkue Fundazioaren webgunean kontsulta daiteke, gaurtik aurrera. Hiztegi hau 2009an argitaratu zen paperean, eta ordutik hona erabat berritu da. Sarean jarri denak 62.306 sarrera ditu euskara-gaztelania atalean, eta 41.779 gaztelania-euskarazkoan. Horren aurkezpena gaur egin da, Euskaltzaindiaren egoitzan. Patxi Uribarren eta Juan Luis Goikoetxea "Bostak Bat" taldeko kideek egindako lanaren nondik norakoa azaldu dute. Haiekin batera, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua izan dira. Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza eman du argitalpen hori digitalizatzeko.
Aurkezpenean azaldu dutenez, aurreko bertsiotik hona, Euskaltzaindiak onartu dituen sarrera eta azpisarrera guztiak, 39.400 inguru, jaso eta tratatuta eskaintzen dira datu-base berrian. Bestalde, interneten eskegi den bertsioak 32.557 sarrera dituen Sinonimoen Hiztegia ere eskaintzen du.